Barakaldok Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ipuin-kontaketa saioak antolatuko ditu ikasturte osoan zehar Kontsumitzailearen Eguna ospatzeko
Iaz, 500 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten atxikitako ikastetxeetan antolatutako saioetan. Saio horien abiapuntua martxoaren 15a da, Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna.
“Etorkizuneko kontsumitzaileak sentsibilizatu nahi ditugu, kontsumoaren arloko eskubide eta betebeharrak modu atsegin eta didaktikoan hurbilduz eta tokiko merkataritza ahaztu gabe”, ziurtatu du David Solla Inguraldeko presidenteak.
Barakaldo, 2026ko martxoaren 13a
Barakaldok Martxoaren 15a - Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko du berriro ere ikasturte osoan zehar burutuko den Lehen Hezkuntzako umeentzako (6 eta 12 urte bitartekoak) 12 ipuin-kontaketa saioen egitarau bereziarekin.
“Haurrek lehenbailehen jakin behar dute nola kontsumitu, zer egin behar den eta, bereziki, kontsumoaren esparruan zer ez egin”, ziurtatu du David Solla Inguraldeko presidenteak. “Ipuin-kontalari hauen bidez, nozio horiek modu atsegin eta didaktikoan ikastea nahi dugu, tokiko merkataritzari begirik kendu gabe”, adierazi du.
Guztira, orain Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna dela-eta abian jartzen den ekimenak 12 ipuin-kontaketa saio egitea aurreikusten du. Iaz egin zen lehen aldiz ekimen hori, eta, orduan bezala, saioen helburua izango da kontsumo arduratsuaren balioak, tokiko merkataritzan erostearen garrantzia eta kontsumitzaileek txiki-txikitatik ezagutu behar dituzten eskubideak eta betebeharrak gerturatzea.
Zehazki, funtsezko kontzeptuen transmisioari buruzkoak izango dira ipuinak, hala nola, informaziorako eskubidea, produktuen segurtasuna, erosketa-tiketaren irakurketa, gertuko merkataritzaren balioa eta kontsumo-ohitura arduratsuak hartzea.
Kanpainak oso harrera ona izan zuen iaz, 531 ikaslek hartu baitzuten parte. Saioak bost zentro akademikotan egin ziren (San Juan Bosco, Larrea, Ibaibe, Munoa eta El Regato), eta positibotzat jo zuten ekimena, edukiak ulertzen eta ikasleek modu esanguratsuan ikasten laguntzen dutelako kontsumitzaileen eskubideei eta kontsumo arduratsuari buruz.
Kontsumo Eskola
Jarduera honek, halaber, Kontsumo Eskola programan egiten diren eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dauden ekintzak indartzen ditu. Kasu honetan, kontsumoaren arloarekin harremana duten pertsonak dira, eta, beraz, saioek gazteek jada kontsumo-ohiturei ekin dieten eremuetan sakontzen dute, metodologia berritzaile eta parte-hartzaileen bidez.
2024-2025 ikasturtean, Kontsumo Eskolako 27 tailer eman ziren 4 ikastetxetan, eta 263 gaztek parte hartu zuten (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Curriculum Aniztasuneko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak). Era berean, saio berezi bat egin zen gazteek auzoko merkataritzari buruz duten ikuspegia sakontzeko.
Aurreko tailerretan parte hartu zuten taldeetako 17 ordezkari gaztek hartu zuten parte saio honetan, eta espazio parte-hartzaile, gogoetatsu eta sortzaile gisa sortu zen, LEGO® SERIOUS PLAY® metodologia erabiliz, zeinak adierazpen sinbolikoa, eraikuntza kolektiboa eta pentsamendu estrategikoa erraztu baitzituen.
Martxoaren 15a Kontsumitzailearen Nazioarteko Eguna 1962an izan zen, John F. Kennedy presidente estatubatuarrak AEBko Kongresuan “kontsumitzaile” kontzeptuaz hitz egin zuenean lehen aldiz (“Kontsumitzaile terminoak denak hartzen gaitu barne”). 1983an, Kontsumitzaileen Nazioarteko Elkarteak martxoaren 15a aukeratu zuen Munduko Eguna ospatzeko.
