Birziklatu, berrasmatu, biziberritu Gau Beltza
Garai honetan, gure kaleak, erakusleihoak eta sare sozialak publizitatez betetzen dira, deskontu erakargarriak aginduz eta erosketa inpultsiboak sustatuz. Hori aukera izan daiteke Gau Beltza bezalako gure ohiturak berreskuratzeko eta kontsumo kontzienteagoaren alde egiteko, erostera gonbidatzen gaituzten AEBtik ekarritako Halloween eta Black Friday bezalako salmenta estrategia komertzialen aurrean.
Urria aurrera doa eta berarekin gaurik beltzena gero eta hurbilago dago. Badatoz Arimen Gaua izena ere hartzen duen Gau beltzaren etorrera iragartzen duten kalabaza argiztatuak, kandela piztuak eta misterioz betetako giro hori. Antzina, nahikoa ziren maindire zaharrak eta barruan kandelak zituzten zulatutako kalabazak gaua apaintzeko. Argi horiek hildakoen gauean arimak bidean gidatzeko balio zuten.
Halloweenekin alderatu ohi den tradizio horrek ospea galdu zuen XX. mendean, baina pixkanaka berreskuratzen ari da, inportatutako merkataritza ereduaren aurrean bertako kulturari balioa emanez.
Arimen Gauak ez du mozorro berririk edo plastikozko dekoraturik behar esanahia izateko. Nahikoa da bere esentzia berreskuratzea eta kontsumo arduratsutik ospatzea.
5 ideia Gau Beltza modu jasangarrian ospatzeko
- Berrerabili aurreko urteetako mozorroak eta arropa. Begiratu etxean dituzun mozorroak, jantziak edo osagarriak, aprobetxatu ahal izateko.
- Egin zeure dekorazioa material birziklatuak erabiliz, dirua aurreztu eta kontsumo jasangarriagoaren alde egingo duzu. Saihestu erabili eta botatzeko produktuak.
- Makillajea edo pinturak erosten badituzu, erreparatu konposizioari eta iraungitze-datei.
- Erosi behar baduzu, egin tokiko merkataritzaren alde.
- Sustatu talde-jolasak eta -jarduerak erositako oparien aurretik.
