Nabigatu arriskurik gabe. Babestu zure datuak, saihestu ezustekoak
Internet gure eguneroko jardunaren parte da, baina gero eta zailagoa da tranpetan ez erortzea.
Egunero erabiltzen dugu Internet, baina modu seguruan egiten al dugu? Arazoak saihesteko behar adina neurri hartzen ditugu? Arriskuak ezagutzeak eta jardunbide digital onak aplikatzeak esperientzia lasai baten edo online susto baten arteko aldea marka dezake.
Hauek dira zure ordenagailua, telefono mugikorra edo tableta arriskurik gabe behar bezala erabiltzen lagunduko dizuten alderdi batzuk.
Babestu zure gailuak
Gailu bat babestu gabe konektatuta edukitzea etxeko atea irekita uztea bezala da. Antibirus bat instalatzeak, sistema eguneratuta izateak eta erabiltzen ez direnean Bluetooth edo Wi-Fi funtzioak desaktibatzeak, birusak, espioiak eta beste arrisku batzuk geldiarazten laguntzen du. Gomendagarria da segurtasun-kopiak maiz egitea, zerbaitek huts egiten badu ez duzula dena galduko ziurtatzeko.
Pasahitz sendoak, nortasun seguruak
Pasahitzak dira zure bizitza digitala babesten duten giltza. Ez erabili pasahitz bera gauza guztietarako. Egokiena zerbitzu bakoitzak pasahitz desberdina izatea da, luzea eta letra larriz, letra xehez, zenbakiz eta sinboloz osatua. Gogoratu: ez partekatu inorekin eta ez gorde ageriko oharretan.
Adibide segurua: PsHitzSegurua2025!
Aplikazioak: Beharrezkoak bakarrik
Benetan behar al dituzu instalatuta dituzun app guztiak? Doako aplikazio askok mozkinak lortzen dituzte zugandik jasotzen dituzten datuen bidez. Beharrezkoak direnak bakarrik deskargatu, eta denda ofizialetatik egin. Onartu aurretik irakurri eskatzen dizkizuten baimenak: batzuk arrazoi justifikaturik gabe sartzen dira zure mikrofonora, kamerara edo kokapenera.
Egiaztatu informazioa sinetsi aurretik
Albiste faltsuak erraz zabaltzen dira, batez ere sare sozialen edo mezularitza-taldeen bidez. Partekatu aurretik, kontrastatu informazioa. Iturri batean baino gehiagotan irakurri al duzu? Webgune fidagarria al da? Goiburu sentsazionalista bat du? Argi ez baduzu, hobe ez berbidaltzea.
Gakorik gabeko Wifia, zalantzaz betetako segurtasuna
Kafetegietan, merkataritza-guneetan edo aireportuetan aurkitzen dituzun sare irekiak praktikoak izan daitezke, baina arriskutsuak ere bai. Denen eskura daudenez, errazagoa da norbait zure datuetara sartzea nabigatzen ari zaren bitartean. Saihestu sare publiko batetik online bankara konektatzea edo erosketak egitea. Egiten baduzu, ziurtatu WPA edo WPA2 pasahitza duen sarea dela, eta are hobeto VPN bat erabiltzen baduzu.
Zure aztarna digitala lagun duzu
Interneten argitaratzen, komentatzen edo partekatzen duzun guztiak marka bat uzten du. Hori da zure aztarna digitala. Ezabatzen baduzu ere, erregistratuta gera daiteke. Pentsatu ondo argazki bat igo edo iritzi bat eman aurretik. Zure nortasun digitalak eragina izan dezake zure lan, gizarte edo hezkuntza arloko bizitzan.
Berregokitutako mugikorrak: aukera segurua eta jasangarriagoa
Zure poltsikoa... eta planeta zaintzen dituen alternatiba.
Modu seguruan nabigatzea erabiltzen duzun gailutik ere hasten da. Gaur egun, mugikor berregokituen eskaintza gero eta handiagoa da. Dagoeneko erabili diren, eta, merkatura itzuli aurretik, berrikuspen, konponketa eta eguneratze prozesua igaro duten telefonoak dira. Horregatik, merkeago saltzen dira, baina kalitatearen estandarrak bete behar dituzte. Merkeagoak dira, eta legez gutxienez urtebeteko bermea eman behar dute, betiere saltoki seguru batean erosten badituzu. Aukera merkeagoa da, ingurumen inpaktu txikiagoa du, eta, gainera, ondo aukeratuz gero, berri baten prestazio berberak eskain diezazkizuke. Konektatuta egoteko modu arduratsua da, zure segurtasun digitala eta zure ekonomia zainduz.
Iturria: Kontsumobide aldizkaria 54.zk
