Ez sinetsi irakurtzen duzun guztia
Gezurrak edo fake news delakoak komunikabide, blog edo sare sozialen bidez hedatzen diren albiste faltsuak dira. Haien helburua hartzailea manipulatzea eta engainatzea da. Horrez gain, baliteke estekaren bat sakatzean zure gailua infektatzea, datu pertsonalak lapurtzea, informazio faltsua zabalduta zure edo zure enpresaren izen ona kaltetzea, baita zure osasuna arriskuan jartzea ere, gaixotasunei edo tratamenduei buruzko informazio faltsua hedatzen badute.
Askotan, zaila izaten da halako informazioa identifikatzea, baina badago amua ez irensteko oinarrizko arau bat: egiaztatu gabeko informaziorik ez birbidaltzea eta zure daturik ez ematea esaten dizutena egia den ala ez jakin gabe.
Albisteak iristen zaizkizunean, zure ardura da informazioa egiaztatzea, albiste osoa irakurtzea (ez izenburua soilik) eta webgune bakarrean irakurritakoarekin ez geratzea.
Berrikusi URLa eta erreparatu ondo izenari, askotan benetako orrien izena imitatzen baitute letra bakar bat aldatuta.
Halaber, kontuan izan irudiak edo bideoak erraz manipula daitezkeela eta agian testuinguru desberdin batean erabili direla. Begiratu zer datatan argitaratu den.
Iturria: Kontsumobide aldizkaria 51.zk
