Batuz sistema abian jartzea, 2022an Bizkaiko iruzur fiskalaren aurkako jarduketa nagusia

Jarduera ekonomikoen tributazioa kontrolatzeko sistema berria urtarrilaren 1etik dago abian, eta 7.375 enpresa eta profesional daude borondatez atxikita. Ogasuna hasi da eskuratutako informazioa prozesatzen, iruzur-adierazleak detektatzeko aukera ematen duen tresna informatiko berri batekin, datu-bolumen handiak aztertzeko teknikak erabiliz. 

2022ko otsailaren 1a

Foru Ogasunak proiektu berri bat garatzen du enpresei buruz sare sozialetan eta ondasun eta zerbitzuen bitartekaritza-plataformetan argitaratutako informazio ekonomikoa biltze aldera, aitortu gabeko diru-sarrerak antzemateko helburuarekin.

Bizkaiko Foru Ogasunak iruzur fiskalari aurre egiteko plana onartu du 2022. urterako. Plan horren funtsezko ardatza Batuz abian jartzea da. Jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona guztien tributazioaren kontrol integraleko sistema joan den urtarrilaren 1ean hasi zen abian, borondatez, 7.375 zergadunekin, eta errolda hori handitzen joango da hiruhileko bakoitzean 2024ra arte irekiko diren borondatezko zazpi leihoetan.

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azpimarratu du Batuz sistemak balio duela lurraldeko enpresek eta profesionalek egiten dituzten eragiketa ekonomiko guztien informazioa Ogasunaren esku jartzeko, ia berehala. Informazio hori edukitzeak erraztu egiten du Foru Ogasunaren lana, hots, pertsona guztiek, beren ahalmen ekonomikoaren arabera, zerbitzu publikoak mantentzen lagun dezaten erdiestea; izan ere, Batuz sistemak Ogasunak zergak borondatez ordaintzeko eskaintzen duen laguntza areagotzen du, eta zergak murrizteko edo saihesteko jokabideen detekzioa hobetzen du.

Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendariak zehaztu duenez, Batuz Ogasunean ezarri den lehen hilabetean, Batuz sisteman sartuta dauden enpresek eta profesionalek Aldundiaren egoitza elektronikoaren Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuan jaso dituzten 1.131.761 eragiketa ekonomikoei buruzko informazioa lortu du Ogasunak. Sarrerak, gastuak, lotutako ondasunak edo inbertsio-ondasunak eta erkidego barruko eragiketak sartzen dira idatzohar horietan.

Informazio-bolumen hori kudeatzeko eta diru-sarrerak ezkutatzen dituzten edo zerga gutxiago ordaintzeko gastuak simulatzen dituzten profesionalak edo enpresak dauden antzemate aldera, Foru Ogasuna plataforma informatiko berri bat erabiltzen ari da datuen bolumen handiak datu-zientziaren arloko teknikak aplikatuz prozesatzeko. Tresna horrek kontrastatu egiten du zergadun bakoitzak egiten dituen eragiketei buruz emandako informazioa, eta, horrezaz gainera, hainbat adierazleren bidez, iruzur fiskalaren seinaleak edo arriskua duten zergadunak identifikatzen ditu.

Batuz sistemaren hedapenarekin batera, Foru Ogasunak areagotu egingo du enpresek eta profesionalek fakturak jaulkitzeko duten betebeharraren kontrola, Batuz ezarri den ala ez kontuan hartu gabe, batez ere eskudiruarekin ordainketak egiten diren jardueretan, eta, hainbestez, diru-sarrerak ezkutatzeko arrisku handiagoa duten jardueretan.

Interneteko informazio-iturri irekiak

Iruzur fiskalaren aurka Bizkaiko Foru Ogasunak duen beste nobedadeetako bat sare sozialetan eta Interneteko plataformetan nagusiki online egiten diren mota guztietako negozioen datu publikoak arakatzen dituen tresna informatiko bat erabiltzea da. Programa honek negozioek eta profesionalek zein bezeroek Airbnb edo Upwork bezalako zerbitzuen bitartekaritza-plataformetan eta Facebook, Twitter, Linkedin, Pinterest, Instagram edo Google Maps bezalako sare sozialetan argitaratzen dituzten datuak biltzen eta prozesatzen ditu.

Gaur egun, tresna hau Bizkaiko zergadunen jabetzako apartamentu turistikoei buruzko proba pilotu bat egiten ari da, Bizkaian zein lurralde historikotik at kokatuta egon. Horretarako, Interneten eta sare sozialetan bizitoki horien prezioei eta okupazioari buruz argitaratutako datuak eskuratu ditu, ondoren jabeek aitortzen duten informazioarekin alderatzeko.

Iruzurraren aurkako planaren jarduketen laburpena

Lehen berritzailetzat jo ditugun jarduketez gain, iruzur fiskalaren aurkako planak beste jarduera batzuk ere aurreikusten ditu, aurreko ekitaldietan egin direnak. Hiru atal nagusi ditu: prebentzioa, informazioa eskuratzea, eta zerga-zorra erregularizatzea eta kobratzea, eta, hala badagokio, egoki diren zehapenak ezartzea.

Prebentzio-jarduketak

  • Zergadunei informazioa eta laguntza ematea. Arreta telematikoan aurrera egitea, betiere digitalizazio-prozesutik urrunen dauden pertsonen arreta bermatuz, zergak borondatezko aldian aitortzea errazte aldera.
  • Bizkaiko ikastetxeetan zerga-hezkuntzako modulua eskaintzen jarraitzea.
  • Zordunen zerrenda argitaratzea.
  • Ogasuneko langileen espezializazioa eta etengabeko prestakuntza.
  • Aurreko urteetan egiaztatutako zergadunen jarraipena egiteko jarduketak gauzatzea.

Informazioa eskuratzeko jarduketak

  • Zergadunek aurkezten dituzten zerga- eta informazio-aitorpenetatik, informazioa gaika jasotzetik eta beste zerga-administrazio batzuekin datuak trukatzetik eskuratzen den informazioaren kalitatea garbitzeko prozesuak garatzea.
  • Zerga-arloan garrantzia duten informazioa trukatzeko nazioarteko akordioak ustiatzea.
  • Nazioarteko fiskalitatearen esparruan diharduten taldeen eta paradisu fiskalekin duten loturagatik iruzur fiskala izateko arriskurik handiena duten zergadunen, eragiketen eta jurisdikzioen azterketa.
  • Ez-egoiliarren zerga-ordainketa egiaztatzea Bizkaian egiten dituzten jarduerengatik.
  • Barne-fiskalitatearen arloko jarduketak, iruzur-arrisku nabarmena duten sektoreetan edo negozio-ereduetan jarduten duten zergadunei buruzko informazioa hobetzeko, hala nola balio erantsi handiko jarduerak, ezkutuko ekonomian egiten diren transakzioak, aitortu gabeko errentak, kontsumo pribatuak, dieten egiaztapena edo enpresak berregituratzeko eragiketak. Arlo horretan, kontrol bereziak egingo dira jarduera ekonomikoak edo eskudirutan 1.000 eurotik gorako ordainketak egiten dituzten pertsonek aitortzen dituzten gastu pribatuak antzemateko.

Erregularizazio-jarduketak eta kobrantza-jarduketak

  • Nazioartekoturik dauden enpresa-taldeak, enpresa handiak eta zerga-taldeak kontrolatzea.
  • Jarduera ekonomikoen zerga-ordainketaren kontrol integrala, batez ere iruzur-zantzuak antzematen direnean.
  • Aurreko ekitaldietan egiaztatu diren eta iruzur fiskalaren zantzu berriak dituzten zergapekoak egiaztatzea eta erregularizatzea.
  • Sozietateen eta bazkideen zergak behar bezala ordaintzen direla egiaztatzea, baldin eta haien aktiborik gehienak jarduera ekonomiko baten garapenari atxikita ez dauden ondasunak badira eta funtsean errenta pasiboak lortzen badituzte.
  • Zerga bereziei dagokienez, fabrika, gordetegi eta biltegi fiskalen gaineko kontrola indartuko da, eta egiaztapen-jarduketak egingo dira Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziaren eta azken kontsumitzaileei egindako horniduren ondoriozko BEZaren aitorpen eta sarrera egokiak egiaztatze aldera.
  • Aitortu gabeko ondasunak eta eskubideak detektatzeko jarduketak.
  • Pertsona fisikoen zerbitzu pertsonalak fakturatzeko sozietateak jartzea kontrolatzeko jarduketak.
  • Ibilgailuen eskualdaketak eta higiezinen negozioen tributazioa kontrolatzeko jarduketak, turismo-apartamentuen eskualdaketetatik, errentamendutik, azpierrentamendutik eta ustiapenetik eratorritakoa barne.
  • Diru-bilketaren fasean zordunen eta hartzekodunen jarraipena eta kontrola egingo da, bai eta hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresena ere. Era berean, Foru Ogasunaren zordunek egindako ondare-ezkutaketak eta ondare-hustuketak detektatzeko jarduketak garatuko dira.

 

Iturrit: Bizkaiako Foru Aldundia

SUBIR