Barakaldok alkoholaren eta tabakoaren salmentaren eta kontsumoaren mugei buruzko informazio kartela banatu du ostalaritza establezimenduen artean
Ekimena Barakaldoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak substantzia horien kontsumo arduratsua sustatzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da
Lokal bakoitzak kartelaren bi ale jasoko ditu, Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Legeak ezarritako murrizketak jasotzen dituena
Barakaldon, 2021ko ekainaren 23an
Barakaldok udalerriko ostalaritza-establezimendu guztiei helarazi die Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legean jasotzen diren adingabeentzako sarbide-mugei, alkohol-salmentari eta tabako-kontsumoari eta nikotinaren eratorriei buruzko informazio-kartela. Ekimena Barakaldoko Udalak herritarren artean tabakoaren eta alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da.
"Barakaldoko ostalaritza sektoreak arlo sozialean oso arduratsua dela erakutsi du beti, pandemia garai honetan agerian geratu den bezala", adierazi du David Solla Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. "Ekimen honekin, herritarrak kontzientziatzeko lan hori babestu nahi dugu, kontsumo arduratsuko kanpaina honetan izan duten inplikazioa eskertuz".
Informazio-euskarria lokaletik lokalera banatu da, eta bi ale inprimatu eman zaizkio establezimendu bakoitzari. Kartelak –14. ereduari dagokiona, Eusko Jaurlaritzaren komunikazio katalogoaren barruan– Nahitaez bete beharreko muga hauek aipatzen ditu: bakarrik dauden 16 urtetik beherakoei sarrera debekatzea; alkohola eta tabakoa edo nikotina askatzen duten gailu elektronikoak saltzeko eta/edo kontsumitzeko debekua; eta tabakoa edo gailu elektronikoak kontsumitzeko debekua lokal barruan pertsona guztientzat.
187/2019 Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenaren arabera, kartela leku ikusgarri batean jarri beharko da, bai establezimenduaren sarbideetan, bai establezimenduaren barruan, ordaintzeko zonetan. Establezimenduren batek banatuko diren unitateak jasotzen ez baditu edo ale gehiago behar baditu, Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen zerbitzuaren webgunean deskarga daitezke. www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/mendekotasunak/hasiera/.
"Udalak kanpaina aprobetxatu nahi du herritar guztiak alkoholaren eta tabakoaren kontsumoan arduraz jokatzera gonbidatzeko", adierazi du Solla zinegotziak. "Erantzukizuna partekatua da, pertsona helduetatik hasita, gazteak begiratzen diren ispilua baikara".
