Paperezko eta kartoizko atez ateko bilketa zerbitzuarekin bat egitera bultzatu ditu Barakaldok merkataritza eta ostalaritza
Inguralde Barakaldoko tokiko garapen agentziak kanpaina bat hasi du lokal horiei birziklapena erraztu eta edukiontzi urdinak etxean erabiltzeko gordetzen saiatzeko. David Solla Ekonomia-Enpresa Sustapen eta Hiri Garapen Zerbitzuko zinegotziak adierazi duenez, doako eta borondatezko zerbitzua da.
Barakaldo, 2020ko urtarrilaren 20a
Barakaldoko Udalak, Inguralde Toki Garapenerako Agentziaren bitartez, merkataritzari eta ostalaritzari kartoia eta atez ateko papera biltzeko zerbitzua eskaintzen die. Ekimena hiri-hondakinen bilketaz arduratzen den enpresaren bitartez kudeatzen da, eta, horren bidez, material horren birziklapena areagotu eta hiriko edukiontzi urdinak etxeko erabilerarako askatu nahi dira.
David Solla Ekonomia-Enpresa Sustapen eta Hiri Garapen Zerbitzuko zinegotziak gaur goizean azaldu du zerbitzua, eta enpresetako eta tokiko merkataritzako arduradunak zerbitzua erabiltzera animatu ditu. "Merkataritzak, ostalaritzak eta enpresa txikiek kartoi eta paper kopuru handia sortzen dute, eta askotan, kutxen bolumena dela eta, edukiontziek gainezka egiten dute", adierazi du Sollak. "Doako zerbitzu honekin, herritarrentzako edukiontzien erabilera libre utziko da; izan ere, horrekin bat egiten duten saltokiek eta enpresek atez ateko bilgarrietatik ateratako materiala utziko dute, eta hondakinak biltzeko udal zerbitzuak bilketa egingo du".
HONDAKINAK MODU ORDENATUAN UZTEA, PASABIDEA OSTOPATU GABE
Zerbitzu hori erabili ahal izateko, Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuari (HAZ) (Herriko Plaza, Gurutzetako Kultur Etxea eta Clara Campoamor Gizarte Etxea) jakinarazi beharko zaio 944 789 200 telefonoaren bidez edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean. "Garbiketa-enpresak lokaletako arduradunekin aurrez ezarritako ordutegitik abiatuta jasoko ditu hondakin horiek, eta horiek papera eta kartoia ordutegi horren barruan utzi beharko dituzte, modu ordenatuan eta tolestuan, oinezkoei bidea ez oztopatzeko", zehaztu du zinegotziak.
Saltokien eta tokiko enpresa ertainen parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin jarri du martxan kanpaina hau Inguraldek, "oso onuragarria baita haientzat, baina baita hiriarentzat ere, sistema honek gure kaleak garbi mantentzen laguntzen digulako", azpimarratu du Sollak. Gogorarazi beharra dago elementuak kalean uztea zigortuta dagoela, eta, horregatik, merkatariei eskatu die bilketa-enpresarekin ezarritako ordutegiak "errespetatzeko", errazagoa izan dadin hirian ordena eta garbitasuna mantentzea.
Kanpaina hori Udalak joan den hilean abian jarritako ekimenaren barruan kokatzen da, hirian birziklapena areagotzea eta edukiontzi bakoitzaren erabilera egokia bultzatzea xede. Horretarako 43.000 liburuxkatik gora banatu dituzte merkataritza, ostalaritza eta etxeen artean, edukiontzi bakoitzean bota daitezkeen hondakinei buruzko azalpen erraz batekin.
