Barakaldon, aurkeztu zaie Hazinnova zerbitzua Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko ETE-ei

Aurkezpen-jardunaldia Barakaldoko BIC Bizkaia Ezkerraldeko Ilgner Eraikinean izan da, Inguralde, Meatzaldeko Behargintza eta Enkartur-ek antolatua

Aurkezpenean aritu dira SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Aitor Cobanera, Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken saileko proiektu arduradun Idoya Bidaurrazaga, Barakaldoko Udaleko Ekonomia eta Enpresa Sustapeneko zinegotzi David Solla, Inguraldeko zuzendari Eukene Bengoa, Solve Imi, S. L.-ko Iñigo Arenaza eta Techfriendly-ko Gonzalo Pellejero

Jardunaldian 17 ETEetako ordezkariak izan dira

2019ko urriaren 18a.

Gaur goizean Barakaldoko BIC Bizkaia Ezkerraldeko Ilgner Eraikinean jardunaldi bat izan da Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko ETE-ei Hazinnova zerbitzua aurkezteko. SPRI Taldeak eta Innobasque, Berrikuntzako Euskal Agentziak abiatutako zerbitzu horren jomuga da ETEei lana antolatzeko modu berriztatzaileak eta produktu zein zerbitzuak merkaturatzeko molde berriak baliatzeko aukera ematea; horretarako, ekimen horretan esku hartzen duen enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako proiektuak onduko dira. Aurkezpena antolatu dutenak dira Inguralde, Barakaldoko Udaleko Garapen Agentziak antolatu du, Meatzaldeko Behargintza (Meatzaldeko enpleguari laguntza emateko eskualdeko zentroa) eta Enkartur (Enkarterriko Turismo Elkartea).

Jardunaldia goizeko 9:30etan abiatu da. Lehenbiziko aurkezpena Inguraldeko zuzendari Eukene Bengoak egin du; Hazinnovan eskuartzea enpresen berrikuntzaren alde, hori sustatzeko eratzen ari diren lankidetza-sareen testuinguruan kokatu du. David Sollak, Barakaldoko Udaleko Ekonomia eta Enpresa Sustapeneko zinegotziak egin die harrera jardunaldira bertaratutakoei, berau antolatu duten eta Hazinnova agente diren hiru erakundeen izenean (zerbitzu hori inguruko enpresei helarazteaz arduratzen diren organizazioak). Zera adierazi du: “Hazinnova plataforma egokia da gure eskualdeko enpresetan berrikuntza bultzatzeko; hasieratik ikusi genuen ekimen honetan Hazinnova agente gisa esku hartzearen beharra, gure hiriko eta eskualdeko enpresetan berrikuntza sustatzeko”.

Ondoren, Idoya Bidaurrazagak, Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken saileko  proiektu arduradunak Euskadin berrikuntzak bizi duen egoeraren diagnostikoa aurkeztu eta zerbitzuaren testuingurua zein den agertu du: berrikuntza modu positiboan garatu da Euskadin azken urteotan; ongi kokatua dago, esparru-baldintzei dagokienean, gazteen unibertsitate hezkuntzari dagokionez eta baita, besteak beste, jarduerak burutzerakoan ETEen arteko lankidetzari dagokionez ere. Hazinnova zein testuingurutan sortu den zehaztearakoan esan du berrikuntza ez teknologikoa abiatzeko zerbitzurik ez zuten enpresen beharrei erantzuteko jaio dela Hazinnova.

SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Aitor Cobanerak Hazinnova zertan datzan azaldu du: “doako aholkularitza zerbitzua da, orain arte berrikuntzarekin harremanik izan ez eta horretarako interesa duten enpresei zuzendua. Helburua ez da planak sortu, ziurtagiriak eskuratu edo irtenbide teknologikoak ezartzea, berrikuntza ez teknologikoaren alorreko proiektuak ezartzeko”.

Ondoren, Solve Sistemas de Bombeo enpresaren arduradun Iñigo Arenazak ponpen mantentze, konponketa, instalazio eta horniketa zerbitzuak eskaintzen dituen Abantoko ingeniaritzak lankidetza-berrikuntzan egindako bidea agertu du: “Ideiarik gabe ez dago berrikuntzarik eta guk esekidura bidezko ponpa sistema baten prototipoa ondu dugu. Hori garatzeko Talleres Aranzazu-rekin elkartu ginen eta, gainera, Elkarlanean programan ari gara”. Merkaturatzeko, berriz, Hazinnovara jo dute eta jada abian dute mikroproiektu bat. Amaitzeko, azpimarratu du eskualdeko eta Euskadi osoko enpresen etorkizunean berebiziko garrantzia duela berrikuntzak, horren alde egin ezean ez dutela etorkizunik izango.

Azkenik, Gonzalo Pellejerok Techfriendly, datuetan oinarrituta smart cities, data science eta komunikaziorako soluzio estrategikoak sortzen berezitutako Barakaldoko enpresaren sortzaile eta zuzendariak pertsonen arloko kudeaketan duen esperientzia azaldu du: "Gure helburua da talentua bilatu, geureganatu eta sendotzea. Talentua bilatzeko taldeko jarduerak antolatu eta eskolak ematen ditugu hainbat gradutan; sendotzeko talde bidaiak eta abar antolatzen ditugu lan egin eta ideiak partekatzeko, eta geureganatzeko kideek lehenbailehen erronkei aurre egin diezaieten bultzatzen dugu. Beti saiatzen gara taldea zaintzen; hori da funtsa, pertsonak zaintzea”. Ondorio gisa gaineratu du enpresak pertsonek osatzen dituztela eta pertsonak inbertsioa direla eta esfortzu nabarmena eskatzen dutela, baina edonola ere merezi duela esfortzu hori egiteak.

Barakaldoko jardunaldian 17 ETEetako ordezkariak bildu dira.

Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde osatzen duten aurkezpen-ekitaldiak joan zen irailaren 19an Durangon abiatu eta ondoren Tolosan, Irunen eta Azpeitin izan dira. Gaur Barakaldon aurkezteaz gain, Eibarren ere aurkeztu da Hazinnova. Ondoren, Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde ekimenak Bizkaian barrena jarraituko du bere ibilbidea eta urriaren 24an Sondikan eta 29an Bilbon izango dira aurkezpen-jardunaldiak. Horien ostean, Araban izango dira, urriaren 30ean Gasteizen eta azaroaren 14an Guardian. Guztira 10 jardunaldi izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste hainbeste eskualdetan, euskal ETEei Hazinnova modu zehatzenean helarazteko.

SUBIR