Bat egin du Inguraldek Hazinnova programarekin, teknologiaz bestelako berrikuntza proiektuak Barakaldoko ETEetan sustatzeko

Ekonomia Garapenerako sailburu Arantxa Tapia bertan dela Innobasque eta Spri Taldeak gaur aurkeztu duten ekimenera bil daitezkeen enpresak identifikatzen lagunduko du Udaleko Garapen Agentziak

Barakaldo, 2019ko uztailaren 12a

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, Spri Taldeak eta Innobasquek sustatu eta koordinatutako Hazinnova ekimenarekin bat egin du Barakaldoko Udaleko Inguralde Garapen Agentziak ETEei - batez ere, berrikuntzarako programetan parte hartu ez duten ETEei - teknologiaz bestelako proiektuak martxan jar ditzaten laguntzeko.

Gaur izan dira Alkatetzako zinegotzi ordezkari Gorka Zubiarre eta Inguraldeko zuzendari Eukene Bengoa  Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan, Inguralde `Hazinnova eragile' duen programaren aurkezpenean. Hiriko enpresa-ehunean dinamizatu nahi dute programa.    Alde horretatik, Gorka Zubiaurrek azaldu du "oso plataforma egokia dela Hazinnova Barakaldon enpresa berrikuntza bultzatzeko, teknologiaz bestelako irtenbide eta prozesu berritzaileak ezartzeko bideak sustatzen baititu horrelakorik oraindik egin ez duten enpresa txiki eta ertainetan, euren negozioak haz daitezen, lana antolatzeko molde berriak ezar ditzaten edo produktu nahiz zerbitzuak merkaturatzeko metodo berriak saia ditzaten.  Eta hori guztia, modu soil eta errazean, eta doan, gainera". 

Gaur azaldu dituzte  Ekonomia Garapen eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapiak, Innobasqueko zuzendari nagusi Leire Bilbaok eta Spri Taldeko zuzendari Alex Arriolak Hazinnova programako zehaztasun guztiak: epe laburrean emaitzak emateko gai izango diren mikroproiektuak garatzeko laguntza-zerbitzuak eskainiko ditu. Zortzi tipologia desberdinetako 500 berrikuntzako mikroproiektu inguru burutzea da helburua, ekonomia-finantza, ekoizpen, logistika, barne-prozesu, pertsona, bezero, merkatu berri eta marka eta diseinu arloetan, hain zuzen ere. Ekimena 2,5 milioi euroko aurrekontuaz hornitua dago.

Parte hartzen duten enpresei 50 orduko doako aholkularitza espezializatua eskaintzen die programak, prozesu osoan atxikia izango duen Hazinnova eragile bat, administrazio tramitazioa kudeatzeko laguntza eta, emaitzak, hiru hiletan. Horrela, ETEek etekin handiagoa aterako dute, besteak beste,  errentagarritasuna kontrolatzean, efizientzia hobetzean, gastuak murriztean, merkatu-kuota handitzean eta marka eta diseinuak babestean.

40 ERAGILE LAGUNTZAILEREN SAREA

40 `Hazinnova eragilez' (garapen agentziak, elkarteak, merkataritza ganberak...)  osatutako sarea dauka proiektuak, eta zuzenean lagunduko dute berrikuntza proiektuak ernamuintzen. Horrela, Barakaldoko enpresa-ehunera hurbilduko da Inguralde ¿ sarearen parte denez - eta ekimenera biltzeko moduko ETEak erakarriko ditu, garapen prozesura sartu eta aholkularitza enpresen bitartez dagozkien soluziobideak ezartzeko.

SUBIR