Bat egin du Barakaldok Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Merkataritza lagunkoiaren alde baturik' astearekin, adinekoak hobeto jagoteko
Ekainaren 10tik 16ra gauzatuko da ekimena, eta saltokiek gizarte sareetan partekatuko dituzte jardunbide on lagunkoiak, bideo eta argazkiak jarriz. Horrez gainera, 'Atera aulkia kalera' ekintza egingo du bigarren urtez aste honetan Inguraldek.
Produktuen etiketak hizki handiagoz idaztea, saltokietara sarbideak egokitzea, telefonozko eskariak onartzea edo erosketak etxera eramatea: horra hor, 'Saltoki lagunkoia' zigilua agerian duten 69 saltoki barakaldar egiten ari diren keinuetako batzuk, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskadi Lagunkoia programaren barruan. Joan den otsailean egin zuen bat Barakaldok, adinekoekin lagunkoi izateko sarearekin.
Adinekoen aldeko mugimendu hau indartze aldera, Barakaldoko Udaleko Inguralde Garapen Agentziak bat egin du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak sustatutako ‘Merkataritza lagunkoiaren alde baturik' astearekin. Ekainaren 10etik 16ra garatuko den ekimen honetan parte hartzera deitu ditu bai adinekoak bai hiri saltoki eta enpresak, hurbileko merkataritza ikusgaitu eta balioa emateko zahartzen ari den gizarte honetan, zeren garrantzizkoa baita guztion eta, batez ere, adinekoen, autonomia eta bizi kalitatea hoberenean iraunaraztea.
Barakaldo da ekimen honetara bildutako establezimendu kopuru handiena duen euskal udalerria. Egunetik egunera saltokiek egiten dituzten jardunbide on lagunkoien argazki eta bideoak gizarte sareetan, Inguraldekoetan eta Euskadi Lagunkoia programakoetan partekatzean datza kanpaina, #ComercioAmigable #MerkataritzaLagunkoia erabiliz.
"Tokiko hiri enpresak bultzatu nahi ditugu ekimenean parte hartzera, aste osoa izango baitute bezeroen aurrean merkatari hurbil gisa agertzeko aukera, alegia, jendea, eta bereziki adinekoak, kontuan izaten dituen merkatari gisa agertzekoa. Gaur joera bihurtu den balio hori, betidanik izan da merkataritza txikiaren ikurra; beraz, zergatik ez gara horretaz mintzatuko kalean, eguneroko solasaldietan, tabernan, ile-apaindegian eta gizarte sareetan", adierazi du Inguraldeko jarduneko buru Danel Solak.
Informazioa bidali du Inguraldek hirik establezimenduetara, eta, horrez gainera, kanpainaren esku-orri eta kartelak banatuko ditu. Zalantzarik izanez gero edo informazioa jasotzeko, deitu Inguraldeko 94 4 78 93 95 telefono zenbakira edo idatzi mezu bat Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera.
Merkataritza Lagunkoiaren aste horretan bertan, aurten ere bigarrenez egingo du ‘Atera aulkia kalera' dinamizazio-egintza Inguraldek: Barakaldoko saltokiek aulki bat jarriko dute sarreran, adinekoak jesarri daitezen eta saltzaileen hurbiltasuna bizi dezaten.
EKIMENAREN BERRI EMANGO ZAIE ADINEKOEN ZENTROEI
Udaleko Gizarte Ekintza Arloak ere egin du bat kanpainarekin, hiriko adinekoen ekipamendu sareetara kanpainaren helburua hedatzeko, eta adinekoak parte hartzera bultzatzeko, saltokiek egiten dituzten irudiak konpartitu eta aulkietan jesar daitezen. Zentroetan esku-orriak banatuko dituzte, adinekoek jakin dezaten saltokiek zer onura eskain diezazkieketen.
Populazio barakaldarraren %23 da 65 urtetik gorakoa. Horregatik egin zuen Udalak bat Euskadi Lagunkoia programarekin, zahartze aktiboa sustatzea baitu xede. Sarean, 60 udalerri daude kidetuta, eta Euskadiko populazioaren %70i baino gehiagori eskaintzen zaio estaldura.
