Barakaldoko 130 saltoki baino gehiago atxiki zaizkio dagoeneko udal App-ari , beren eskaintzak ezagutzera emateko eta Tokiko Poliziari abisua zuzenean emateko

Aplikazioa merkatariei, ostalariei eta hiri enpresari nola erabili erakusteko kanpainari ekingo dio Inguralde-Udaleko Garapen Agentziak aste honetan, bisitak eginez.

Barakaldo, 2018ko irailaren 26a

Merkataritza, ostalaritza eta hiri enpresa dinamizatzeko Barakaldoko Udala lantzen ari den ekimenetako bat da telefono mugikorretarako eta tabletetarako doako aplikazioa: han emango dituzte ezagutzera beren eguneko eskaintzak, bai eta zuzeneko komunikazio bide bat edukiko Tokiko Poliziarekin, segurtasun handiagoa izateko. 130 negozio baino gehiago atxiki zaizkio dagoeneko aplikazioari.

Hiriko informazio interesgarri guztia bildu eta herritarrei mugikorraren bitartez eskainiko dien APPa martxan jarri aurretik, informazio kanpaina bati ekingo dio urrian Udalak, Inguralde Garapen Agentziaren bitartez, eta saltoki, ostalaritza establezimendu eta gainerako hiri enpresak bisitatuko ditu azalpenak emateko.  Hiri enpresetarako aplikazioak dauzkan funtzionaltasun interesgarriei buruzko argibideak ematea da kanpainaren helburua,   establezimenduaren eta jardueraren datuak biltzen dituen formulario bat bete beharko baita aldez aurretik, hartaz baliatu ahal izateko.  "Beren negozioetako sustapen eta segurtasun arloetara aplikazioa nola egokitu dezaketen xehetasunez ezagutzea nahi dugu, eta, bisitetan, informazio guztia zuzenean emateaz gainera, atxikitzeak ere gauzatu ahal izango ditugu", azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok. Aurreraxeago, informazio kanpaina indartzeko asmoa dute, eta horretarako, lau lagun kontratatuko dituzte, Udalak Lanbideri eskatu dion Tokiko Enplegu Planaren bitartez. Plana ez du Eusko Jaurlaritzak oraindik ebatzi.

Teknologia tresna berriari buruzko azalpenak emateko bisitetan, Inguraldek sektorearen eskura jartzen dituen zerbitzu-sorta zabala azalduko zaie  eta  enpresen beharrizanak zein diren ezagutuko ditu agentziak bide batez, ikastaroen programazioa sendotzeko. Inguraldek urte osoan egin ohi dituen merkataritza arloko prospekzio-ekintzen egutegian sartuta daude bisita horiek.

Urriaren amaieran, jardunaldi bat prestatuko du Barakaldoko Udalak, eta han aurkeztuko dio sektoreari aplikazioa, bai eta erakutsiko ere nola erabili behar den.

Beraz, Inguraldeko Enpresak Sustatzeko Arloarekin jarri behar dute Udal APPari atxiki nahi zaizkion establezimenduak 944 789 395 telefonora hots eginez edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera posta elektronikoa idatziz.

ONURADUNAK
Komunikazio kanal berri honen xehetasunak azkentzen ari da Barakaldoko Udala. Hiriari buruzko informazio zabala izango dute herritarrek komunikabide berriari esker. EguneEgunekoak, agenda, turismoa, udal kioskoa, enplegu eskaintzak eta abisuak eskainiko ditu.  Horrez gainera, zerbitzu eta ekipamendu interesgarriak, Kbus-en ibilbideak, trafiko gertakariak, gasolindegiak, online egin daitezkeen tramiteak, iragarki ohola eta eskelak ere agertuko dira.  Android eta iOS mugikorretan  egongo da erabilgarri tresna, eta doan deskargatu ahal izango da Google Play-tik eta APP Store-tik .

Merkataritza, ostalaritza eta hiri-enpresarako gune berezia izango du aplikazioak, eta han agertuko dira atxikitako establezimenduek euren Facebook orrian argitaratzen dituzten eskaintzak,  egunero. Alde horretatik, Del Campok zehaztu du: "Facebook orririk ez daukaten negozioek Inguralderen aholkularitza jasoko dute beren eskaintzak agerian jartzeko Fanpagea prestatzeko. Barakaldoko hiri enpresak ikusgaiago izan daitezen eta bezeroak erakar ditzaten ahal dugun guztia egitea da gure helburua", esanez amaitu du Del Campok.

Era berean, segurtasuna ere hobetu ahal izango dute sektoreko profesionalek, sektorerako propio prestatutako botoi bat izango baita, Tokiko Poliziari berehala eta diskretuki abisua emateko.

SUBIR