Udalak kale-merkatu bat jarri du martxan Portu eta Pormetxeta kaleak dinamizatzen jarraitzeko
"Barakaldo Irekiz" hilabete bakoitzeko bigarren igandean izango dugu hirian bertako diseinatzaileak, artisauak eta saltokiak aisialdiarekin batzeko. Ekimenak magia, dantza, antzerkia eta musika eskainiko ditu, eta herriko banden eszenatoki bilakatuko da Pormetxeta plaza.
Barakaldon, 2018ko martxoaren 5a
Portu kaleak bizia berreskuratzeko jarduerek aurrera diraute. Inguralde-Garapen Agentziaren eta Kultura Arloaren bitartez, Udalak indarrak batu ditu "Barakaldo Irekiz" -herriko artisauek eta saltokiek aisiarekin bat egiteko diziplina anitzeko merkatua-sortzeko. Ekimena hilabete bakoitzeko bigarren igandean garatuko da eta datorren igandean, martxoak 11, izango da lehengoa.
Orain arte Portu kalean merkataritza lokalak berreskuratzeko eta, aspaldi, Barakaldoko kale nagusietako bat izan zena dinamizatzeko egin den lanaren jarraipena da "Barakaldo Irekiz" ekimena. "Aipatu lan horretan aurrerapauso bat eman nahi izan dugunez, programazioak Portu kalea osorik eta Pormetxeta plaza hartzen dituen barne, hau da, dinamizatzeko konpromisoa hartu genuen espazioa" azaldu du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.
Gauzak horrela, datorren igandean, herriko artisauek, merkatariek eta arteak barakaldarrei aparteko esperientzia eskainiko dien kale-merkatu bilakatuko da Portu kalea. "Aire zabaleko topagunea izango da, zeinetan dozenaka erakusketari, musika zuzenean, magia, dantza, antzerkia, ostalaritza, haur animazioa etab. izango ditugun. Azken batean, hilabetearen bigarren iganderako plan egokia prestatzea da asmoa, bertan, familiek, gazteek eta adinekoek ere aisialdirako aukera bat izan dezaten, Portu kalea eta herriko merkataritza ezagutzen duten bitartean" azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunaren Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.
Martxoaren 11n, merkataritza alorreko hainbat erakusketarik beraien produkturik originalenak ikusgai jarri eta saldu ere egingo dituzte Portu kalean. Ekimena Pormetxeta plazaraino iritsiko da, zeren eta bertan, musika zuzenean eskainiko baita. "Gobernu talde honen konpromisoetako bat Pormetxeta plaza berreskuratzea eta dinamizatzea izan da, eta horregatik, Merkataritza Dinamizatzeko Planean merkatariek proposatutako merkataritza ardatza sortzeko aukera ona litzatekeela pentsatu dugu" zehaztu du Solak.
Beraz, egun horretan, plazan kontzertuak emango dituzten Barakaldoko taldeekin jarri da harremanetan Kultura Arloa. "Honako talde hauek entzuteko aukera izango dugu: Knock Knock Jokes (rock-eko klasikoen bertsioak egingo dituzte) eta Meibi y Vietnamitas Blancos (musika-estilo desberdinetako bertsio akustikoak: rocka, jazza)" azaldu Canterok.
Pormetxetan umeentzako jarduerak eta zenbait tailer ere programatuko dira, jende guztiak izan dezan bere lekua "Barakaldo Irekiz" ekimenean. Besteak beste, globoflexia tailerrak egingo dira, aurpegiak margotzeko aukera egongo da eta puzgarri bat ere izango da. "Jardueren dinamizatzaileak haurrekin eta gazteekin diharduten Barakaldoko bi elkarte izango dira, Ainara eta Atarrabi, "Barakaldo irekiz" ekimenarekin bat egin nahi izan baitute" zehaztu du Kulturako zinegotziak.
Elkarte horiekin batera, Arimaktore (Barakaldoko arte eszenikoen elkartea), Escuela Wild Dance Project eta Valen magoa ere izango ditugu "Barakaldo Irekiz" ekimenean.
PINTXO POTEA INGURUKO OSTALARITZA-LOKALETAN
"Barakaldo Irekiz" ekimenak merkataritza eta animazioaz gain, inguruko ostalaritza ezagutzeko eta gozatzeko aukera ere eskaintzen du. Horretarako, pintxo potea antolatu da Portu kaleko eta inguruko ostalaritza-lokaletan, eta anbigu gune bat ere jarriko da Pormetxeta plazan, geldialditxo bat egin eta deskantsatu ahal izateko.
Ekimenak www.barakaldoirekiz.com webgunea eta sare sozialetako profilak ere baditu, hala nola Facebook -Barakaldo-Irekiz- eta Instagram –barakaldoirekiz- eta horien bitartez, "igande bakoitzean, denbora errealean jakin ahal izango dugu: zer gertatzen den, zein sorpresa dagoen, zeintzuk diren jarduerak..." adierazi dute zinegotziek.
Igande honetan izango da "Barakaldo Irekiz" ekimenaren lehen eguna. Hemendik ekainera arte, hilabete bakoitzeko bigarren igandean egingo da. "Martxan jarriko dugu proba pilotu hau eta emaitzak aztertuko ditugu, nolako harrera eta nolako funtzionamendua izan duen jakiteko" esan du Solak. "Barakaldarrak ez ezik, inguruko udalerrietako bizilagunak ere animatu nahi ditugu datorren igandean, kalera irten eta etor daitezen "Barakaldo Irekiz" merkatua ezagutzera, Barakaldoko erdigunean, produktu berriak erosteko aukera izateaz gain, aparteko esperientzia bizitzekoa ere izango baitute" esan du amaitzeko Canterok.
