Segurtasunari buruzko lau saio eskainiko dizkie Ertzaintzak Barakaldoko merkataritza eta ostalaritzako langileei, martxoko lehen astean
Hiritarrak seguruago sentitzeko asmoz hartutako neurri hau Clara Campoamor eta Gurutzetako kultur etxean burutuko da, sektoreko langileei egokitutako ordutegietan
Barakaldo, 2018ko otsailaren 13a
Merkataritza eta ostalaritzako langileei lapurretak saihesteko nola jokatu azaltzeko mintzaldia hauek, martxoaren lehen bi asteetan burutuko dira. Amaia del Campok, Barakaldoko alkateak, ezagutzera emandako neurri hori, hiritarrak seguruago sentitzeko ekintza multzoaren barruan dago; azken hilabeteetan dendetako lapurretak gora egin baitute.
2017ko Ertzaintzaren datuek erakusten dutenez , Barakaldo hiri segurua da (% 3,73 jaitsi zen delinkuentzia). Ostalaritza eta merkataritzan lapurretak apur bat gora egin dutela ere erakusten dute datu horiek, eta gobernu taldeak neurri zehatzak hartu behar izan ditu alor horretan Ertzaintzarekin batera.
Horrela, bada, Udaltzaintzak eta Ertzaintzak patruila kopurua handitzeko egindako ahaleginaz gain, hiriko merkataritza eta ostalaritza lokaletako arduradunei mintzaldiak ematea eskatu dio Udalak Ertzaintzari.
Martxoko lehen astean burutuko dira informazio saiook; Clara Campoamor entroan 6an, eta Gurutzetako kultur etxean 8an. "Merkataritza eta ostalaritza mota desberdinei egokitutako ordutegiak ezarri dira parte-hartzea sustatzeko eta errazteko. Lau saio antolatu dira, eguneko bi", azaldu du Yolanda Fikak, Hiritarren Segurtasun Arloko zinegotziak. Horrela, bada, topaketetako bat 14:00etan izango da, eta bestea, berriz, 19:00etan.
"Sarrera doan denez, ez da tokia gorde beharrik. Beraz, jendea animatzen dugu bertara joan eta parte-hartzera, egoera desatseginak saihesteko moduko keinu txiki ugari egin baititzakegu, egunerokoan. Dauden tokiak baino jende gehiago agertuko balitz mintzaldietara, beste mintzaldi batzuk antolatuko lirateke" nabarmendu du Fikak.
Horrelako topaketetan, Ertzaintzak beti azpimarratzen du aurre-neurriak hartzeak duen garrantzia: besteak beste, ate-leihoak ondo itxita uztea, kutxetan dirurik ez uztea, edo lokaletako fatxadetan seinale edo markaren bat aurkitzean, abisua ematea. Horrez gain, herritarrek Segurtasun Gorputzekin lankidetzan jardutearen onurez jabearazten ahaleginduko dira, horrela hainbat lapurreta saihets baitaitezke bai eta ustezko lapurrak atxilotu ere.
Azken astean, gainera, zenbait ertzain ibili da saltoki eta ostalaritza establezimendu barakaldarretan gora eta behera, segurtasuna eskaintzeaz gainera diptiko bat banatzen, zeinetan azaltzen den zer egin eta nola jokatu lapurreta bat edo antzeko gertakariren baten suertatzekotan.
"Oso garrantzitsua da egoera hobetzeko neurriak hartzea, negozioburuen segurtasun handiagoa nabarituko baitute" azpimarratu du Fikak. "Ez dugu onartuko, beraz, neurriz kanpoko alarmarik eragitea, nork bere onerako" ohartarazi du, bai eta iragarri ere, alkateak gutunak bidali dizkietela bi enpresatako arduradunei, zenbait merkatarik esandakoaren arabera, sektorean beldurra eragiten aritu baitira, segurtasun aseguru eta alarmak saltzeko. "Horrelako kanpaina agresiboak bertan-behera uzteko eskatu diegu, eta, egiten ez badute, bestelako neurriak hartuko ditugula ohartarazi" esanez bukatu du Fikak.
Edozein egoera susmagarri nabaritzekotan, Tokiko Poliziari eta Ertzaintzari dei egin behar zaiola esan du Herritarren Segurtasuneko zinegotziak.
Orrialde nagusiko irudiaren jabea: Irekia
