Barakaldo aukeratu dute gaur Zientzia eta Berrikuntzako Hirien Sareko artezkaritza-kontseiluko kide izateko
Madril, Alcorcon, Valladolid eta Barakaldo ziren hiri handien kategorian kontseiluaren partaide izateko hautagaiak. Barakaldoren parte hartzeak Udalak garatzen duen berrikuntza-estrategia indartu egingo du.
Barakaldo, 2018ko otsailaren 7a
Barakaldo da Innpulso Sareko artezkaritza-kontseiluko kide berria. Kontseilu horretan Estatuko 68 udal daude, eta guztiek jaso dute Espainiako Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren ‘Zientzia eta Berrikuntzako Hiria’ saria, hain zuzen ere, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan erakusten duten konpromisoa saritzeko.
Artezkaritza-konseilua berritzeko bildu da gaur Innpulso Sareko osoko batzarra, Ermuko Izarra Eraikinean. Barakaldo, Madril, Alcorcon eta Valladolid hiriek hautagaitza aurkeztu izan zuten hiri handien kategorian, baina azkenean Barakaldo eta Valladolid izan dira bozketa bidez aukeratutako hiriak. Hiri txikien kategorian, berriz, Ejea de Los Caballeros eta Villamayor aukeratu dituzte, Ermua eta Sant Boirekin batera, dagoeneko hiri ertainen kategorian kontseiluko kideak ziren hiriak, alegia.
Sare honetan Barakaldo egotea apustu estrategikoa da hirian berrikuntza sustatzeko, beste udal batzuekin elkarlana sustatzeko, eta berrikuntza-proiektuak garatu ahal izateko baliabide berriak eskuratzeko.
Amaia del Campo alkateak defendatu egin du Barakaldok baduela interesa Sareko erabaki-guneetan parte hartzen jarraitzeko. Grina horren helburua “lehendakaritzan egoteari esker lortu dugun esperientziaren ekarpena eskaintzea da, eta proiektu honi jarraipena ematea, egin-eginean ere, tokiko berrikuntza-politikak garatu ahal izateko xedea partekatzen dugun hirien foro honen hazkundea ekarri duen proiektua”.
2011-TIK INNPULSO SAREKO KIDE
Barakaldoko Udalak 2011tik hartzen du parte Innpulso Sarean; data horretan jaso zuen Ministerioaren aldetik ‘Zientzia eta Berrikuntzako Hiria’ saria. Proiektu horrekiko konpromisoak eraman zuen 2013an Sareko lehendakaritza Mostolesekin batera onartzera, Ermuak eta Terrasak lekukoa aurreko urtean hartu zuten arte.
Barakaldo eta Mostoles hiriek lehendakaritza kudeatu zuten aldian Arinn Elkartea osatu zen, eta finkatu egin ziren gaur egungo elkarlanerako eta kooperaziorako sarearen oinarriak, kide diren hiriek berrikuntzaren hazkundea zoritu dezaten.
