Barakaldoren tokia hartu dute Ermua eta Terrassak, zientzia eta berrikuntzaren hiriak burutzeko
Gaur burutu dituzte Madrilen Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Mostolesko David Lucasek zientzia eta berrikuntzaren hiri espainiarren inguruko azken egintzak. Ermua eta Terrassak ordezkatuko dituzte Innpulso Sarean, hiru urtez batera jardun eta gero. Amaia del Campok nabarmendu du "aurrerapauso handiak eman direla sarearen lana egiteko moduan, eta balio handiko tresna bihurtu dela sarea, hiriak berrikuntzaren arloan lan egiten jarraitzeko hiritarrei zerbitzu hobea eskaintzen baitie".
Ermuako hiri bizkaitarrak eta Bartzelonako Terrasak batera aurkeztutako hautagaitzak jaso ditu bozka gehien, gaur eguerdian Mosolesen egindako osoko bilkuran. Caceres eta Granada izan dira, nor bere aldetik, Innpulso sareko lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztu duten beste bi hiriak.
Gaurko topaketan, beste sei hiri bereizi dituzte Zientzia eta Berrikuntzaren Hiri gisa: Cambrils, Esplugues de Llobregat, Gavá, Segovia, Villena eta Granada.
BARAKALDOREN BURUZAGITZAREN LORPENAK
Barakaldo eta Mostolesko hiriek aurkeztutako hautagaitza aukeratu zuten 2013an, Innpulso Sarearen norabidea hiru urtez gidatzeko. Agintaldia pixka bat luzatu zen, ordea. ARIIN-Innpulso Sarearen Elkartea eratzea izan zen hiri biek egin zuten lehenengo aldaketetako bat, eta hura bihurtu da udaletako berrikuntzaren eragile. Bi dira elkartearen helburuak: bata, laguntza europarra eskuratzeko bidea samurtzea eta, bestea, erakunde desberdinen artean itunak sinatzea, kide diren hirietan berrikuntza proiektuen garapena sustatuko duten diru funts eta laguntzak lortzeko.
Barakaldo eta Mostolesen arteko buruzagitzaren beste lorpenetako bat izan da hiru lan talderen bidez garatzen diren helburu argi eta garbiak ezartzea, 68 hiriek osatzen duten sarearen nazioartekotzean arreta jarriz. Finantzaketa ereduak bilatzeaz eta egitasmo europarretan parte-hartzaz ez ezik ETE berritzaileak sortzeko tresnak sendotzeaz eta hiri eredu berritzaileak garatzeaz ere arduratzen dira lantaldeak.
ETE berritzaileagoak sortzeko tresnak indartzen ere ahalegindu dira, era berean. Arlo horretan egin den ekimen nagusietako bat `Innpulso Sareko alkaterik berritzaileenak' izeneko topaketak bultzatzea izan da. Orain arte, bi topaketa egin dira; biak Madrilen. Nazio arloko ETErik hoberenen arteko hurbilketa sustatzea da topaketaren helburua, bai eta ikusgai bihurtzea ere, Innpulso Sarea osatzen duten hirien eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren laguntzaz.
Barakaldoren lehendakaritzapean Innpulso Sareak lortu nahi izan duen beste helburuetako bat izan da, udaletarako ekoizpen-eredu produktibo berriak bilatuz, kalitatezko lan egonkorra sortuko duen ekonomia dinamizatzea. Helburua lortze aldera, berrikuntzarako aholkularitza zerbitzu bat abiaraztea onartu da, Sarea osatzen duten udal guztientzat. Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta hirietan ekonomia garatzeko eredu berriak sustatzeko baliagarriak izango diren ekimen berritzaileak abiarazteko udalek laguntza espezializatua izatea da helburu nagusia.
Argi berdea eman zaio, bestalde, `smart city' zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen katalogo digital bat sortzeari.
SARE BARRUKO EUSKAL HIRI TALDEA
Innpulso Sarearen barruan Sareko kide diren 7 euskal hiriek eta Vitoria-Gasteiz hiriak osatutako lan taldea eratzea bultzatu du, gainera, Barakaldok. Zertarako? Euskal udalek bat egiten duten puntuak topatzea, sinergiei probetxu atera eta baliabideak eta informazioa partekatzea ahalbidetuko duen lankidetza mesedetzeko.
Barakaldo, Bilbo, Abanto eta Zierbena, Ermua, Etxebarri, Eibar eta Donostia dira Innpulso Sarea osatzen duten Euskadiko zazpi herriak, dena den, egun, `Zientzia eta Berrikuntzaren Hiria' bereizgarria duten Espainiako 62 hiri daude plataformaren barruan.
