Barakaldok sormen-jardueren kanpaina bat abiarazi du Portu kalean, lokal hutsak dinamizatu eta herritarrak erakartzeko
Uztailaren 6an hasi, eta hiru egunez izango ditugu, artea, diseinua, merkataritza jarduera eta herritarren partaidetza nahasturik eskainiko dituzten zenbait jarduera. Hemendik eta abendura bitartean, programa hilean bi aldiz egingo da
Udala kale horretako bost lokal enblematikoen jabeekin adostasun batera iritsi da, eta hiriko sormen-sektoreari esker, alde hori suspertzen ahaleginduko da
Barakaldo, 2017ko ekainaren 23a
Portu kaleko lokal hutsak suspertzeko proiektuak aurrerapauso bat eman du. Inguraldek (Udaleko garapen agentzia) eta Kultura Arloak, hemendik eta abendura arte, lehengo merkataritza-bide hau hiriko sormen-sektorearekin eta eskulangintza arloarekin lotutako jarduera ugariz beteko duen lankidetza-proiektu hau jarri dute martxan. Europako Gizarte Funtsak % 65ean finantzatzen duen `Ibilbide Paregabeak´ programaren barruan dago ekimena.
Jarduerak uztailaren 6, 7 eta 8an burutuko dira eta hemendik eta abendura arte, hilean bi aldiz egingo dira (osteguna, ostirala eta larunbata). Ekimenak xede du jendea kalera erakartzea, eta horretarako, animazio-jarduerak egingo dira, lokal hutsek balioa hartuko dute hiriko sormen-profesionalen artean eta Portu kalea Pormetxeta plazarekin batuko duen sormen-industriari lotutako ardatz komertziala sortzeko proiektuan aurrera egingo da.
“Portu kaleko lokal hutsak berreskuratzeko jarduketa hau abenduan egin genuen dinamizazio-kanpainarekin batera jarri zen martxan. Inguru horretara jende ugari etortzea lortzeaz eta lokal huts batzuk apaintzeaz gain, saltoki eta lokal huts batzuen jabeak aurrerantzean lokalei sormen-erabilera emango dien proiektuan interesatuta egotea ere lortu dugu” azaldu du Inguraldeko lehendakari Danel Solak. Bost establezimenduetako jabeekin adostasun batera iritsi gara, beraz, garapen agentziak artea, kultura, eskulan eta sormenarekin lotutako jarduerez suspertuko ditu.
BOST ESTABLEZIMENDU
Jabe horiekiko hitzarmenari esker, Portu kaleko bost lokal zabaldu ahal izango dira.
Lehengo Siglo XX bazarraren lokala zenbait artisauk eta sortzailek erabiliko dute beraien lanak ikusgai jartzeko eta sustatzeko.
Azkona izeneko saltokian erabilera anitzeko areto bat prestatuko da, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, agerraldiak eta master classak egiteko.
Portu Arte eta lehengo Filatelia establezimenduetan coworking guneak eratuko dira, heltze-fasean dauden proiektuak ezagutzera emateko eta lan-sinergiak ezartzeko espazio bat behar duten sortzaileentzat. Era berean, hormak erakusketa areto gisa erabiliko dituzte artistek. Ile-apaindegi zahar baten erakusleihoa artelanak ikusgai jartzeko erabiliko da.
PROGRAMA UZTAILAREN 6AN ABIARAZIKO DA
Uztailaren 6, 7 eta 8an egingo dira dinamizazio-jarduerak. Programa ugaria da, artea, kultura, eskulana eta herritarren partaidetza nahasturik azaltzen baita. Akuarelisten erakusketa bat egongo da (gainera, zuzenean margotuko dute), bai eta emakumeek egindako marrazki-erakusketa eta zenbait pintura akademiatako ikasleek ikasturte amaierako lanak ere ikusgai egongo dira. Diseinatzaileek eta sortzaileek ere parte hartuko dute beraien produktuak ezagutzera ematearren. Pintore berriek eta ospetsuek ere beraien lanak ikusgai jarriko dituzte zenbait erakusleihotan. Creando Magia elkarteak zaharberritu, birziklatu eta berrasmatutako objektuen eta altzarien erakusketa bat antolatuko du.
Halaber, `solasaldia, aire librean´ ekimena egingo da, photocall bat jarriko da eta bertako bizilagunek kalea aspaldiko objektuez apainduko dute.
Inguru horretan dauden saltokiek eta tabernek ere bat egingo dute jarduera horiekin.
“Abenduan egingo dugu esperientzia pilotu honen balorazioa lokalen jabeekin batera, eta ekimenarekin jarraitzeko aukera eskainiko diegu” esan du Danel Solak.
MERKATU SORTZAILEA JAIETAN
Jardueren programaren barruan `Barakaldo Creativity Market´ ekimena antolatu da Karmenak 2017 jaietarako. Herriko plazan, uztailaren 22an, egingo den artisautzaren eta sormenaren inguruko tokiko merkatua da.
Merkatu horretan, hiriko pertsona eta enpresa sortzaileek eta artisauek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko oinarriak eta izena emateko inprimakia eskuragarri daude Inguralderen webgunean, honako bide hau eginez: www.inguralde.com/empresas eta comercio/barakaldocomercial/barakaldocreativity.
