Hiriko profesional sortzaileen lehenengo katalogo digitala argitaratu du Barakaldok

23 enpresa eta profesional sortzaileren lana biltzen du. Helburua: hirian sortzen ari den ekonomia-sektore hori bultzatu, eta agerian jartzea. 

Barakaldo, 2017ko maiatzaren 3a.

Hiriko enpresa eta profesional sortzaileen lehenengo katalogo digitala argitaratu du Inguralde-Barakaldoko Udaleko Garapen Agentziak. Bertako hogei bat  mikroETE eta artisten lana biltzen du katalogoak. Kontsumo estilo berriak agerian jartzea eta industria sortzaile eta kulturalarekin zerikusia duten bertako jarduera guztiei balioa eman eta ikusaraztea du helburu ‘Made in Barakaldo artisautza eta sormena' ekimenak.  

Estilo anitzeko 23 enpresa eta profesionalen bitartez hurbiltzen zaio sektoreari, hasiera batean,  katalogo digital berria: besteak beste, ilustratzaileak, erakusleiho-apaintzaileak, dekorazio-arte botanikoko negozio txikiak, opatu eta dekoratzeko gauzak, xaboi naturalak eta eskulanak.  

Merkataritza biziberritzeko egitasmoaren barruan kokatzen den ekimenak  Herriko Plaza eta Portu-Pormetxeta kaleen artean ardatz sortzaile bat garatzeko apustua egin du, hiriko industria sortzaile eta kulturala  susper dadin.  Garapen agentziak esku artean darabiltzan datuen arabera, Barakaldok dauzkan 6.000tik gora hiri enpresetatik % 4,27 dago sektore sortzaile eta kulturalari loturik. Ildo horri jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Erakundearen lehendakari Danel Solak “ekonomia sortzailea bultzatzeko, horrela erakarriko ditugulakoan baikaude merkataritza fluxu berriak hirira, eta, ondorioz, murriztuko, hutsik dauden lokalen kopurua”. Aldi berean,  “katalogoa argitaratuz, balioa eman nahi diogu hiriko talentu sortzaileari” adierazi du.

Alde horretatik, abenduan Portu kalean fatxadak eta hutsik zeuden lokalak edertzeko egin zen esperientzia pilotuak  bestelako erabilera bat emateko interesa ernarazi duela aurreratu du Danel Solak, lokal haietako zenbait jabeengan. Piztutako sua itzal ez dadin, Inguraldek harremanetan jarraitzen du haiekin,  jarduera sortzaileak egiteko erabiliak izan daitezen lokalak.

HAINBAT JARDUERA

Katalogo digitalak biltzen duen ‘talentu sortzailea' estilo anitzekoa da. Besteak beste, Sandra Erre eta Raquel Cortés ilustratzaileak, Elena Fernández idazlea,  Javier Santurtún pintore eta eskultorea, Elena Sardina erakusleiho apaintzailea eta Eba Cruz moda diseinatzaile, bai eta goi mailako joskintzako  Ane de Cocó kapelutegia, Arte Sannako xaboi naturalak, Gurelan Arten dekoraziorako arte botanikoa, Kontxesi Barallobreren bitxiak eta Mary Saporen bisuteria birziklatua ere.  

Badira, gainera, proposamen originalak eskaintzen dituzten saltokiak: Nubenuvóren opariak eta dekoratzeko gauzak, Corazón de Tintaren larruzko artikuluak, Txintxilinen euskal jantzi tradizionalak, Escabel y Krixbben eskulanak, Joyero de la Rosaren sorkuntzak, Danita´s Bakeryren postregintza sortzailea, Milana eta Aimire Tricoten artileak eta puntuzko jantzi esklusiboak, Estikinten ilustrazio pintura, collage eta zeramikaren ukitu berezia, Baby Shopen haur moda eta Bonito Editorialen ipuin esklusiboak.   

Informazio gehiago nahi baduzu, sakatu hemen.

SUBIR