MiPago Wallet mugikorreko aplikazioaren bidez egin ahal izango dituzte herritarrek udal ordainketak

"MiPago Wallet" tresna, telefono mugikorrean diru-zorro digital bat, ezarri du Udalak, barakaldarrei barra-kodea edo etxean jasotzen duten ordainagiriaren QR kodea irakurriz udal ordainketak egiteko aukera ematen diena.

Barakaldon, 2022ko otsailaren 21ean

Tasak, isunak, ziurtagiriak, matrikulazioak edo Barakaldoko Udalak jaulkitako bestelako ordainketak edo ordainagiriak MiPago Wallet aplikazio mugikorraren bidez ordain daitezke.  Horrela, barakaldarrek ordaintzeko modu horiek erabiliz, modu seguru, erraz eta jasangarrian ordaindu ahal izango dituzte beren zergak, tasak, isunak edo beste edozein udal diru-sarrera,

Telefono mugikorra duen edonork edozein lekutatik eta edozein unetan egin ahal izango ditu ordainketak, joan-etorririk egin gabe, inongo leihatilatan aurkeztu beharrik gabe eta Udalaren zerbitzuak irekitzeko eta ixteko ordutegien eta banketxeen mende egon gabe.  "Sistema eroso eta eraginkorra da, herritarrentzat oso erabilgarria, eta telefono mugikorreko aplikazio soil batean ordainketa errepikariak bideratzeko aukera ematen du.  Tresna honek aukera ematen du ordainagiriaren barra-kodea edo QR kodea irakurriz ordaintzeko.  Sakelako telefonoan dagoen diru-zorro digital moduko bat da, eta erabiltzaileari aukera ematen dio ordainketa errepikariak eta noizbehinkako ordainketak modu seguruan egiteko. Horrelako ordainketak  EAEko Administrazio Publiko bati lotuta daude, eta sistema horri atxikita dago», azaldu du Gorka Zubiaurre Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotziak.

Udalak sistema hau jarri du martxan barakaldarren administrazioarekiko harremanak arinagoak eta errazagoak izan daitezen tresna berri bat eskaintzeko .   Azken urteotan Clara Campoamor Zentroan bulego berri bat jarrita eta auzoetan bulego elektronikoak gaituta sendotu eta handitu den Udalaren aurrez aurreko arretari gehitzen zaio tresna. Era berean, egoitza elektronikoa etengabe hobetzen ari da, eta bertan ezarri da Udala Etxean, herritarrak  gidatzeko izapidetze-sistema, on line izapideak egiten dituzten bitartean. 

Mi pago wallet erabili ahal izateko, erabiltzaileek erregistratu eta kreditu-txartel edo zordunketa-txartel baten lotura-prozesu bat baino ez dute egin beharko, baina aurrerantzean ez dute txartela berriro pasatu beharrik izango.  Erregistratuta geratzen da eta ez ditu bere datuak berriz sartu behar, aplikazioan bertan enkriptatuta geratzen den token edo izengoiti bat sortuz.  Zinegotziak nabarmendu duenez, erraza eta azkarra da, nahikoa da sakelakoan botoi bat sakatzea, eta, horren ondorioz, ohiko ordainketak egiteko bide ezin hobea da, bai webgunean, bai mugikorrean.  30 eurotik beherako ordainketetarako, klik bakar batera sinplifikatzen da ordainketa-prozesua, eta ez da beharrezkoa autentifikazio indartuko mekanismoak dituzten txartel-zenbakiak sartzea.  30 eurotik gorako ordainketetarako, entitatearen autentifikazio indartuko mekanismoak sartzen dira.

Erabiltzaileak ordainketa egiten duenean tokena aurkezten du, baina ez du erakusten ez txartelaren zenbakia, ez iraungipena, ez CVVa; beraz, datuak beti  daude babestuta. Mugikorrean, ordaintzeko aukera ematen duen tokena gordetzen da, baina horri buruzko datuak jakitea eragozten du.

SUBIR