135 herritarrei emango die enplegua Inguralderen laguntzaz Barakaldon sortu diren 107 enpresek

Proiektuotan parte hartzen duten ekintzaileen ia erdia emakumeak dira

Barakaldo, 2019ko uztailaren 30a

Barakaldoko Udaleko Inguralde Garapen Agentziaren enpresa-proiektu berriak sortzeko laguntza zerbitzuak 107 enpresa - iaz baino bost gehiago - martxan jartzen lagundu zuen.  Negozio horien bidez 135 enplegu sortu dira orain arte, iaz baino lau gehiago.

2018an, 261 negozio ekimenetan ziharduten 282 lagunek egindako kontsultei erantzun zien Inguraldeko Enpresak Sortzeko Arloak. Horietatik 127k hastapeneko prestakuntza utzi eta bideragarritasun plan bat egiteko bideari ekin zioten banakako tutoretzen bidez, eta 107k jarri zuen martxan bere enpresa-jarduera.

Inguraldeko buru Danel Solak jakitera eman duenez, "proiektu horiek abiarazi dituztenak 25 eta 35 urte bitarteko adina daukate, eta erdia emakumeak dira (% 48).  Era berean, ekintzaile gehienek unibertsitate eta lanbide heziketako ikasketak dauzkate".

Abian jarritako enpresek hainbat jarduera sektoretan dihardute. Zerbitzu pertsonalak dira nabarmentzen direnak (% 36.45). Haren atzetik, enpresetarako zerbitzuak (% 24,30). Merkataritza eta ostalaritza negozioak, berriz, % 14.02.

ZERBITZU INTEGRALA

Barakaldon enpresa berri gehiago ezartzeko ahaleginean, Udaleko Inguralde Garapen Agentziak laguntzeko zerbitzu integral bat eskaintzen die ekintzaileei, negozio berriak sortzeko eta sendotzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lanbidek finantzatzen dute zerbitzua.

Horrela, bada, 2018an, Inguraldek aurrez aurreko zortzi ikastaro antolatu zituen, eta 139 lagunek hartu zuen parte. Horrezaz gainera, bana-banako aholkularitza eskaintzen du doan, negozio plana egin eta enpresa-asmoa martxan jartzen laguntzeko.  Merkatuan garatu eta sendotu dadin enpresa, behar diren tresnak jartzen ditu ekintzaileen eskura: jarraipen zerbitzu indibidualizatua (36 enpresek hartu zuten parte), laguntza eta dirulaguntzei buruzko informazioa, diru iturriak aurkitzeko laguntza eta jarduera Barakaldon finkatzeko modulu eta bulegoak eskainiz Innobak Enpresa Zentroen Sarearen bitartez (Junqueral, Ugartebeitia eta Beurko Zaharra).  Iaz, % 74,07koa izan zen hiru Innobak zentroen batez besteko okupazioa.

EAP PUNTUA

Nabarmentzekoa da, 2018an, Inguralde izan zela Euskal Herri osoko lehengo agentzia EAP (Ekintzaileentzako Arreta Puntua) bat jartzen, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Inguraldek sinatutako hitzarmenari esker.

Ekintzaileei arreta emateko guneek (EAP) xede dute jarduera ekonomiko berriak eratzeko tramiteak erraztea, bai eta egin beharreko tramiteak normalean baino epe laburragoan amaitzeko laguntza ematea ere, eragozpen burokratikoak kenduz, askotan jarduera martxan jartzea atzeratu egiten baitute. Zerbitzua telematikoa da.

2018an, Inguraldeko EAPk enpresaburu indibidualen zazpi izen-emate tramitatu zituen, eta Erantzukizun Mugatuko Sozietate bat.

SUBIR