Lanbidek ekintzaileei laguntzeko eta enpresa-jarduera berriak sendotzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enpresa-jarduera bat hasi eta proiektu hori ezartzeko laguntza behar duten pertsonentzako laguntza ekonomikoak eskatzeko epea ireki du.

Barakaldon, 2017ko abuztuaren 4an

Laguntza horien lehenengo ildoa enpresa-proiektuak sendotzen laguntzera bideratuta dago. Laguntza horien xedeak jarduerarekin zerikusia duten aktibo finkoak dira: makineria, instalazioak, tresneria, altzariak, garraio-elementuak eta informazio-prozesuetarako ekipamenduak. Kasu honetan, gutxieneko laguntza 3.500 eurokoa izango da, eta gehienezkoa, berriz, 4.550 eurokoa.

Era berean, Lanbidek laguntzen bigarren ildo bat ere ireki du. Hain zuzen ere, enpresa-jarduera hasi arren, proiektu hori sendotzeko laguntza behar duten pertsonei laguntzeko. Deialdiaren barruan sustapen, funtzionamendu eta kudeaketarako gastuak sartzen dira, adibidez: lan-kotizazioa ordaintzeari buruzko kuotak, proiektuari, webgunearen diseinuari eta sare sozialei dagozkien komunikazio-gastuak, aholkularitza-zerbitzuak eta prestakuntza-ikastaroak. Laguntzen gutxienezko zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da pertsona onuradun bakoitzeko, eta gehienezkoa, berriz, 3.250 eurokoa.

Bi laguntza horiek eskatu nahi dituzten ekintzaile interesdunek eskabide-eredu ofiziala aurkeztu dezakete. Eredu ofizial hori webgune honetan ez ezik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegu-Bulegoetan ere aurkitu dezakete. Eskabideak aurkezteko epemuga 2017ko urriaren 6a da.

Pertsona ekintzaileentzako laguntzen oraingo deialdiari buruzko informazio xeheagoa hurrengo esteka honetan lortu daiteke (11. orrialdetik aurrera): Eskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria (2017/07/28).

SUBIR