Sortu berri diren 15 enpresa txiki eta ertainek laneko arriskuen prebentzioari buruzko “Innobak topaketa” saioan hartu dute parte
Inguralderen Enpresen Sorkuntza sailak urte honetako ‘Innobak Topaketa’ saioaren bigarren edizioa ospatu du. Helburua da informatzea eta enpresa berriak prestatzea interesgarriak diren arloetan, haien kudeaketa hobetzeko. Gainera, Inguralderen enpresa zentroetan dauden enpresen arteko sinergiak sortu nahi dira.
Topaketa abenduaren 16an egin zen Ugartebeitia enpresa zentroan, eta herriko 15 enpresak hartu zuten parte. Enpresa txikietan Laneko Arriskuen Prebentzioaren ezarpen praktikoei buruz jardun zuten. Oso gai garrantzitsua da eta arreta berezia behar du.
Aditua den tekniko bat legeari buruz eta enpresari txikien betebeharrei buruz aritu zen. Saio praktikoa izan zen. Bertan, arriskuen prebentzioari dagokionez, parte hartzaileek haien egoera azaldu zuten, eta haien zalantzak ere argitu ahal izan zituzten.
