Amaia del Campok Barakaldoko enpresetara bisitak egiten jarraitzen du, haien garapena bultzatuko duten programak sortzeko

Alkatea gaur goizean elkartu da lenteak fabrikatzen dituen Lentitech S.L. enpresako arduradunekin, urtarrilaren erdialdean proiektu berri bati ekingo baitio Inguraldeko Hazinnova programarekin

Barakaldo, 2020ko urtarrilaren 10a
 
Amaia del Campo alkateak hiriko enpresak bisitatzen jarraitzen du, haiek dituzten beharrizanak ezagutu, eta garapena bultzatuko duten programa garatzeko Inguralde, Tokiko Garapen Agentziaren bidez. Gaur goizean, Amaia del Campok lenteak fabrikatzen dituen Lentitech S.L. enpresa bisitatu du; izan ere, urtarrilaren erdialdean proiektu berri bati ekingo dio Inguraldeko Hazinnova programarekin.

Alkateak iragan azaroan abiarazi zuen bisita-egutegiaren bidez, Barakaldar enpresetan garatzen diren proiektuak eta enpresa-ehunaren beharrak ezagutzea lortu nahi du, bai eta enplegu kualifikatua indartzea eta sortzea bultzatzen duten ekimenetan lan egitea ere.  Del Campok gaur egin du bisita Ekonomia eta Enpresa Garapen eta Hiri Estrategia eta Garapen Arloko (Smart) zinegotzi David Sollarekin eta Inguralde garapen agentziako zuzendari Eukene Bengoarekin batera.  Negozio bi kudeatzen dituen Lentitech enpresaren instalazioak ikusi ditu: betaurrekoen salmenta tradizionala eta I+G arloko teknologia propioen erabilera lagatzean oinarritzen den negozio berritzaile bat. Teknologia horiei esker, zehaztasun handiagoa (5 aldiz gehiago) lortzen da Premium Lentitech lenteen diseinuetan. Teknologia hori gai da erabiltzaile bakoitzaren ikusizko ardatz fusionatu bakarra ezagutzera emateko, eta, beraz, lenteak erabat pertsonalizatuak izan daitezen lortzeko. Sistema bakarra da munduan, patentatua, ikusmenaren graduazioa automatikoki optimizatzeko.

Lentitech enpresak Hazinnova udal-programaren bidez egindako proiektu berri bat jarriko du abian, bezeroen eta marketinaren esparruan oinarritua, lenteen salmenta berriro itzul dadin enpresako hazkundearen bidera.  "Inguralden, Barakaldoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzen laguntzea dugu xede, eta Lentitech da horietako enpresa bat, negozio tradizionala berrabiarazten laguntzen ari gara, oso garrantzitsua baita haientzat ", adierazi du Amaia del Campok.

"Gustura bisitatzen ditugu tokiko enpresak, ezinbestekoa dela uste dugulako zuzenean ezagutzea haiek dituzten kezkak edota eskatzen dituzten lan-premiak, eta, horrela, gure enpresa-sarea indartzeko eta kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko benetan baliagarriak diren programak egin ahal izateko" azpimarratu du Del Campok.  Enpleguaren eta Ekonomia Sustapenaren aldeko apustu irmo horren ondorioz, Inguralderen 2020rako aurrekontua % 5 handitu da.

SUBIR