Inguraldek eta Ertzaintzak hainbat aholku zabalduko dituzte merkatarien eta ostalarien artean Gabonetan lapurretak saihesteko

Ekimena Barakaldoko Udalaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlanean lortutako protokoloan oinarritzen da, merkataritza eta ostalaritza sektorean segurtasuna hobetzeko.

Barakaldo, 2018ko abenduaren 17a

Gabonetako festak salmenten garairik onenak dira merkataritza eta ostalaritza sektorean, baina horrekin batera aglomerazio handiek lapurretak eta ebasketak errazten dituzte. Horregatik Ertzaintzak jokaerako jarraibide seguru batzuk zabaldu ditu sektoreko profesionalen artean Barakaldoko Udaleko Alkatetza Sailaren koordinazioarekin batera. Udaleko Garapen Agentziak, Inguraldek, gomendio hauek zabaltzen lagundu du, dokumentua hiriko merkatariei eta ostalariei helaraziz.

Kolaborazio kanpaina honen barruan segurtasunari buruzko hitzaldi batzuk eman dira jadanik eta Barakaldoko merkataritzako eta ostalaritzako profesionalak bertaratu izan dira. Gabon hauetarako aholkuek bere egunean hitzaldietan adierazitako jarraibideak indartzen dituzte.

Ertzaintzak egindako dokumentuan nork bere burua babesteko neurri errazak agertzen dira, hala nola, establezimendua zabaltzerako eta ixterako orduan pertsona susmagarriak ikusiz gero abisua nola eman.

Establezimenduko ateak eta leihoak egoera onean daudela ziurtatu eta lokalaren barnealdean eta kanpoaldean argiztapen ona izatea dira hartu beharreko beste neurrietariko batzuk. 

Ertzaintzak ateetan, leihoetan edo sarrailatan ageri diren markei eta hozkei arreta ipintzea gomendatzen du, eta kutxetan diru kopuru handirik ez izatea. Kutxazain automatikoetara joatea beharrezkoa den kasuetan, zentroan daudenetara joatea hobeto da, baita barruan daudenak erabiltzea ere, ateak beti itxiz sartzean eta ateratzean. 

Gainera, inoiz ez dira begi bistatik galdu behar establezimenduko giltzak, eta zalantzarik badago norbaitek horiek hartu izanaz, sarraila aldatzea gomendatzen da. 

Garrantzitsua da ere establezimendura inori sartzen ez uztea lanorduetatik eta jendearen arreta egitetik kanpo.

Azkenik, neurri horiez gain lapurretaren helburua negozioa bera bada, hobe da ez sartzea eta ahalik eta lasterren Ertzaintzari edo Udaltzaingoari abisatzea.

APP MERKATARITZA

Aurreko ostiralean, Udaleko APP berria aurkeztu zen, ostalariek eta merkatariek Udaltzaingoarekin komunikazio zuzena eta bi noranzkokoa duen kanala da, sektorerako erabilera pribatua eta espezifikoa duen atala izanik. 

Horrela, plataforma honetan parte hartzen duten komertzio eta lokalek botoi bat izango dute Udaltzaingoari berehala abisatzeko, eta gune bat ekintza susmagarriei, inguruko lapurretei, iruzurrei... buruzko abisuak emateko eta jasotzeko.

Gainera, gaur 14:00etan, APP hau aurkeztuko zaie ostalariei eta merkatariei Clara Campoamorren, bere funtzionamendua eta horretan parte hartzeak dituen onurak jakinarazteko. Jadanik ehun negozio baino gehiago daude interesatuta udaleko komunikazio erreminta berri honetara gehitzeko.

 

SUBIR