Barakaldok bere zerbitzu guztietako eta agendako informazioa sakelako telefonorako doako aplikazio batera bildu du

Udalaren sakelako telefonorako aplikazio berria datorren astetik aurrera deskartu ahalko da, hala Android sistemarako nola IOS sistemarako. APP-ak komunikazio gune pribatua eskaintzen du merkatari edota ostalarien eta udaltzaingoaren arteko komunikaziorako eta, hartara, alarma mezuak berehalakoan igor daitezke.
Barakaldo, 2018ko abenduaren 14
 
Barakaldarrek esku ahurrean ukan dezakete aplikazioa, zehazkiago, sakelako telefonoan. Barakaldoko Udalak datorren astean jarriko du abian sakelako telefonorako aplikazio berriaren deskarga; erabat doan den zerbitzu horrek hiriaren informazio guztia eskaintzen du: udalaren berriak, udal batzarren emankizuna hala zuzenean nola grabatua, turismoari loturiko informazioa, poliziaren  eta lanei buruzko jakinarazpenak, Kbus hiribusaren ordutegiak, hil-mezuak, udalarekiko izapideak linean egitea... Aplikazioak segurtasun gune bat du ere hiriko merkatari eta ostalarientzat, non, beren eskaintzak erakusteaz gain, zuzenean bidal baitiezazkiokete, berehalakoan, alerta mezuak udaltzaingoari.
 
 "Itxaropen handia dugu proiektu honekin. Sakelako telefonoa deiak egiteko tresna baino zerbait gehiago bihurtu zaigu. Orain, e-posta ikusten dugu, berriak irakurtzen ditugu, eguraldiaz galdetzen, trafikoa begiratzen, egunerako planak bilatzen... Horrexegatik pentsatu dugu zergatik ez gure hiriari buruzko informazio hori guztia bil eta herritarrei aplikazio batean eskaini?  Eta horixe aurkeztera gatoz, barakaldarrei egunerokoan lagun eginen dien tresna bat, hain zuzen ere", aipatu du Amaia del Campo alkateak.
 
Barakaldo APP hiriari buruzko zeinahi informazio eskuratzeko bidea da. Hori lortzeko, hainbat iturri ofizialetako informazioa bilatu eta bildu dugu, hala udalarena eta haren erakundeena nola Eusko Jaurlaritzarena, Euskalmet, Lanbide, BEC, trafikoko kamerak¿ Aplikazioak hainbat atal ditu: berriak; agenda; turismoa; udal kioskoa; lan eskaintzak; abisuak; merkataritza eta ostalaritza; merkataritza eta ostalaritza eskaintzak; Kbus; trafikoa; gasolindegiak; hil-mezuak, eta izapideak linean.  "Agenda atalak, adibidez, hirian urteko zeinahi egunetarako programaturik diren ekitaldi guztiak ezagutzeko aukera eskaintzen digu, kasu baterako, Gabonaldia egitarauaren ekitaldi guztiak ikus ditzakegu, egunez egun...", azaldu digu Del Campo andreak. 
APP honetan aurki ditzakegun zerbitzu berrienetakoen artean ditugu, alde batetik, hurbilen dugun gasolindegia bilatzea, non agertuko baitzaizkigu, gainera, gasolinen eta dieselaren prezioak, eta trafikoko kamerei zuzenean loturik den atala, non errepideen egoera ezagutzeko aukera ukanen dugun, bai eta hil-mezuen atala, hirian hil direnen berri jakiteko.
 
Merkataritza eta ostalaritzarako segurtasun tresna
APP berrian 18.997 euro ¿BEZa barne- inbestitu ditu udalak eta datorren astean deskargagarri izanen da. Orain arte, ehundik gora merkatari eta ostalarik azaldu digute aplikazio horretan parte hartzeko gogoa. Udalak gune berezia diseinatu du tokiko merkataritza eta ostalaritza ezagutzera emateko, haien eskaintzak erakutsiz.
 
Horrez gain, ostalari eta merkatariei udaltzaingoarekin zuzeneko komunikazioa eskaintzeko, aplikazioak badu pribatuki balia dezaketen atal bat sektore horri eskainia.
 
Halatan, bada, plataforma horretan parte hartuko duten saltokiek eta ostalaritza lokalek beren botoi berezia ukanen dute udaltzaingoari alertak berehalakoan igortzeko, bai eta gune berezi bat ere inguruan gerta daitezkeen ekintza susmagarriei, ebasketei, iruzurrei eta abarrei buruzko abisuak eman eta jasotzeko. "Bi noranzkoko komunikabidea izanen da hau, bai eta, alarma egoeraren batean gertatuz gero, laster eta diskretuki, botoi bat sakatu besterik gabe, gure poliziari deitzeko aukera eskainiko dien tresna ere,", azaldu digu alkateak.  "Zerbitzu hau eguberritako kanpainan jadanik indarrean nahi genuen, sektorean mugimendu gehiago dabilen garaia baita eta, hartara, saio erabakigarria izango zaigu", azpimarratu du.  
 
Datorren astelehenean, 17an, bilera bat deitu dugu ostalari edota saltzaileekin, APP berria aurkeztu eta haren onurak azaltzeko, 14.00etan, Clara Campoamor zentroan. 
SUBIR