Amaia del Campo: “Zinezko aukerak sortarazi behar ditugu neskek eta emakumeek zientzia eta teknologiako karrera profesionalaren aldeko hautua egin dezaten”

Zientziako Neskaren eta Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Innpulso Sareko hiriek adostu eta sinatutako manifestuaren idazketan buru izan da Barakaldoko alkatea.

 

Barakaldo, 2018ko otsailaren 10a

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak onetsi du Zientziako Neskaren eta Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Innpulso Sareko hiriek adostu eta sinatutako manifestua. Nazio Batuen Erakundeak 2016ko otsailaren 11n Nazioarteko Egun hau aldarrikatu zuen. Harrezkeroztik, Barakaldoko Udalak data hori ospatzeko jarduerak antolatu ohi ditu, hain zuzen ere, neskengan eta emakumeengan karrera zientifikoak egiteko motibazioa sustatzeko.
Gainera, aurten, Innpulso Sareko Artezkaritza Kontseiluko kide bezala, Amaia del Campo manifestu horren idazketan buru izan da. Dokumentua sinatzen duten hiriek hurrengoa adierazten dute: SmartCity-aren oinarrizko zutabeak zientzia eta teknologia direnez gero, ezinbestekoa da aurrerapen zientifiko-teknologikoak emakumeen eskuetatik ere etortzea.
Horrekin batera, alkatearen hitzek diotenez, "hiri inteligentea" kontzeptuak esan nahi du hiriok lan egiten dugula zientzia eta teknologiaren aplikazioa hurrengo gizarte-alorretara zuzentzeko asmoarekin: pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntza, irisgarritasuna, ingurumena, eta, azken batean, denon ongizatea. Hori guztia egiteko, zer esanik ez, emakumeen eta gizonen ikusmoldeak eta euren beharren ikuspegiak aintzat hartu behar ditugu.
Barakaldo partaide den hiri-talde honek zera azaldu du: "smart hiri" bat denok berdintasunez parte hartzeko gunea da, diskriminaziorik gabeko tokia, gizonek eta emakumeek bertan esku hartzeko aukera berberak dauzkaten espazioa. Hiri inteligentea denon artean eraikitzen dugula ziurtatu du Del Campok.
Horregatik, beraz, manifestuak eta alkateak esan bezala, "zinezko aukerak sortarazi behar ditugu neskek eta emakumeek zientzia eta teknologiako karrera profesionalaren aldeko hautua egin dezaten, zaharkitutako gizarte- eta hezkuntza-estereotipoak baztertu egin behar ditugu, ikusi egin behar dugu emakumeok diziplina horietara eta gure hirietara egin dezakegun ekarpena".
Zentzu horretan, Amaia del Campok gogorarazi zuen aurreko astean Barakaldon mundu guztiari zuzendutako kontzientziazio- eta sentsibilizazio-ekintzak egin izan zirela, emaitza positiboekin, gainera.
Alkateak azpimarratzen zuen manifestuak informatzeko eta aldarrikatzeko daukan balioa, izan ere, dokumentu hori izenpetu egin da emakumeak gizartean eta zientzian betetzen duen eta bete dezakeen funtsezko tokia aitortzeko mezu eraikitzailea eta inklusiboa izan dadin.

 

SUBIR