Barakaldoko 70 saltokik eta ostalaritza-lokalek parte hartuko dute Makina Erremintaren Biurteko azokako jendea hirira erakartzeko kanpainan
Inguraldek aurkeztu duBarakaldoko BECen maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean burutuko den Makina Erremintaren Biurtekoa (BIEMH) dela eta, hiria girotzeko antolatutako jardueren berri eman du Inguralde.
Inguraldek eta Barakaldoko ACE Hiri Merkataritza eta Enpresa Elkarteak eta Ostalarien Elkarteak ‘Hemen, Aquí, Here Barakaldo, Gourmet & Shopping’ izeneko ekimena antolatu dute; izan ere, ustez, BECera etorriko diren 50.000 lagun ingururi hiriaren erakargarritasuna eta bizitasuna erakusteko udalak sustatzen duen lehen kanpaina da. “Asmoa modu esperimentalean martxan jartzea da, hurrengo Biurtekoan eta BECen egiten diren beste azoka edo gertakari garrantzitsuetan ere egiterik dagoen ikusteko” azaldu zuen Barakaldoko alkate Amaia del Campok.
Guztira, 70 establezimendu (33 saltoki eta 37 taberna eta jatetxe) sartu dira kongresura hurbilduko direnei eskainiko zaien programazio ludiko honetan, hiriko gastronomiaz, merkataritzaz eta kulturaz goza dezaten bisitariek. Jatetxeek ‘Bienal’ menua edo menu erdia eskainiko dute, tabernek 2x1 eskainiko dute edarietan (arratsaldez), eta `Pintxo-ibilbidea´ ere antolatuko da bisitariek Barakaldoko tabernek eskaintzen duten sukaldaritza ugariaz goza dezaten.
Bestalde, kanpainan parte hartzen duten saltokiek ordutegi zabalagoa izango dute ostegun eta ostiralean, eguerdian ere zabalik egongo baitira. Gainera, saltokiek beren esku dute deskontu bereziak egitea. Maiatzaren 30ean (astelehena) eta ekainaren 4an (larunbata) kultur jarduerak eskainiko dira hiriko zenbait lekutan, Barakaldo Antzokian barne.
Barakaldoko Udalak BEC-en egingo den Makina Erremintaren Biurtekoa dela eta, turismo-bulegoa jarriko du eta bienalak dirauen sei egunetan egongo da zabalik 8:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gune horretan hiriari buruzko informazio interesgarria emango da: ekipamenduak, jarduerak, gastronomia, merkataritza...
