Inguraldek tailer praktiko bi burutuko ditu Barakaldon, Euskal Merkataritzaren Topaketaren barruan
Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberek urtero antolatzen duten Euskal Merkataritzaren Topaketak iragan maiatzaren 3an egin zuen hasierako kongresua Euskalduna Jauregian. Markak duen garrantzia izango da aurtengo gaia, zeina lehiakideekiko elementu identifikatzaile eta balio bereizgarria baita.
Topaketaren barruan egingo diren tailer praktikoen bidez, merkataritza-sektoreko joera berriak eta esperientziak ez ezik, diseinuaren eta irudiaren alorreko lana hobetzeko edota bezeroen leialtasuna lortzeko tresnak ere ezagutarazi nahi dira. Tailerrok Euskadiko zenbait herritan egingo dira ekainaren erdialdera arte.
Topaketaren barruan, Inguraldek tailer bi burutuko ditu prestakuntza praktikoa tokiko enpresetara hurbiltzearren.
- Maiatzaren 23an: Zure markari buruz ez dakizuna.
- Ekainaren 13an: Nire bezeroak, nire altxorra!
Saltoki txikien ezaugarrietara egokitutako prestakuntza, 2 orduko (eguerdian) tailer praktikoan emango da. Dena den, gaia kontuan hartuta, beste sektore batzuetako (ostalaritza eta erabiltzaileentzako zerbitzuak) negozio txikien prestakuntza beharrei erantzuteko modukoa ere izan daiteke.
