‘Bono Barakaldo’ren bigarren edizioa martxan da, erosketak sustatzeko herriko denda eta tabernetan

Ace Barakaldo-Merkataritza eta Hiri enpresen elkarteak 3.500 bono aterako ditu. Abenduaren 1etik eskuratu ahal izango dira Caja Rural de Navarraren sukurtsaletan eta Gurutzetako zentro zibikoan

Barakaldon, Gabonetan merkataritza eta ostalaritza sustatzeko bi ekintza egingo dira; erosketen bonoaren bigarren edizioa eta Gabonetako argiak  jartzea. Izan ere, garai horretan erosketa gehiago egiten dira eta jendea jatetxe eta tabernetara gehiago joaten da.

Barakaldoko Udala, Ace Barakaldo-Merkataritza eta Hiri enpresen elkartea eta Ostalaritza elkartea akordio batera heldu dira bi ekintzak antolatzeko.

Oraingoan, ACE Barakaldok ‘Bono Barakaldo’ abian jarriko du, Udalaren garapen-agentziaren, Inguralderen, eta Caja Rural de Navarraren laguntzarekin. Merkatarien elkartea, Ostalaritza elkartea eta Udala akordio batera heldu dira Gabonetako argiak jartzeko.

Deskontu-bonoari esker, erosketak egiterakoan %33 aurreztuko dute bezeroek. Bonoaren prezioa 20 eurokoa da, baina dendan 30 euro gastatu ahal izango dute. Hau da, 10 euro diruz laguntzen dute.

ACEk 3.500 bono kaleratuko ditu. Abenduaren 1etik aurrera eskuratu ahal izango dira, eta urtarrilaren 15era arte erabili ahal izango dira. Parte hartu nahi duten saltokiek izena eman dezakete ACEren egoitzan, Arrandi kalea 7 .

Aurten bonoak Caja Rural de Navarraren sukurtsaletan ez ezik, –Gipuzkoa kaleko 6 zenbakian eta Askatasun etorbidearen 40 zenbakian –, Gurutzetako zentro zibikoan ere eskuratu ahal izango dira.

Gabonetako argiak

Gabonetako argiei dagozkienez, aurreko urteetan baino gehiago jarriko dituzte, izan ere, azken urteetan argiztapena nahiko pobrea izan da. Abenduaren 12an piztuko dituzte eta herriko kale komertzialetan egongo dira, baina auzoetan ere jarriko dituzte.

Foruen pasealekuan, zuhaitzak led zuriekin apainduko dituzte. Bide Onera plazan herriko armarria jarriko dute, eta palmondoen enborrak ledekin apainduko dituzte. Gainera, Gabonetako zuhaitz bat jarriko dute.

Elkano, Arrandi eta Zaballa kaleetan fatxaden arteko arkuak egongo dira. Askatasuna etorbidean eta Euskadi etorbidearen hasieran, epaitegitik hasita, Gernikako Arbola kalean eta San Vicente, La Paz, Arteagabeitia eta Santa Teresa auzoetan argiak jarriko dira faroletan. Azkenik, Gurutzetako Balejo kalean eta Retuertorik gertu, Euskadi etorbidean, eta Lutxana, Burtzeña eta Las Delicias auzoetan apaingarriak egongo dira faroletan.

Gainera, udal eraikinak apainduko dituzte, adibidez, Udaletxea, erlojuaren dorrea,  Herriko Plaza eszenatokia, Gurutzetako eta Clara Campoamor zentro zibikoak, Retuertoko kultur etxea eta Llanoko haur eskola.

SUBIR