Barakaldok 2023-2024 Enplegu Plana abiarazi du, 100 pertsona baino gehiagori mesede egingo diena

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak Barakaldoko Udalaren proposamena onartu du langabetuak kontratatzeko laguntza-programa berria aktibatzeko, milioi bat eurotik gorako aurrekontuarekin.

Planak onura publikoko 26 proiektu garatzea aurreikusten du; horien artean, 68 pertsona kontratatzea zuzenean 6 hilabetez gehienez, eta beste 35 pertsona kontratatzeko enpresei laguntzak ematea

Barakaldo, 2023ko urriaren 18a

Barakaldok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren onespena jaso du, udalerriko langabeei mesede egingo dien Enplegu Plan bat garatzeko egindako eskaerari erantzunez. Udalaren proposamenak 68 pertsona zuzenean kontratatzea jasotzen du, onura publikoko hainbat proiekturen esparruan, baita berariazko partida ekonomiko bat ere, enpresek 35 pertsonari kontratu mugagabea egin ahal izateko.

"Enplegu Plana Udalak langabeen bizi-kalitatea hobetzeko eta aukerak sortzeko dituen tresna nagusietako bat da", ziurtatu du David Solla Inguraldeko presidenteak. "Gainera, udaleko ia arlo guztiak gizarte-proiektuekin inplikatzen ditugulako, haien lana gizarte osoaren onerako dela ziurtatzen dugu", adierazi du.

Enplegu Planeko jarduketa-programak milioi bat euroko aurrekontua du, eta, horren bidez, Udalak 68 pertsona kontratatu ahal izango ditu zuzenean, onura publikoko 26 proiekturi erantzuteko. Kasu horretan, kontratuek gehienez 6 hilabeteko iraupena izango dute. Era berean, partida ekonomiko bat udalerriko enpresetan kontratu mugagabeak sustatzeko erabiliko da, eta gaur egun langabezian dauden 35 pertsonari mesede egingo die, gutxi gorabehera.

Udalerriko interesdunek honako baldintza hauek bete behar dituzte programa honen onuradun izateko: langabezian egotea, izena emanda egotea eta Lanbideko eskatzaile gisa alta emanda egotea; Barakaldon erroldatuta egotea; eta eskainitako lanpostuan prestakuntza eta/edo esperientzia izatea. Inguraldek, Plana kudeatzeaz arduratzen den erakundeak, gogorarazi du oso garrantzitsua dela profila Lanbiden eguneratuta izatea, ezaugarri horien arabera egingo baita hautaketa.

Hautaketa-prozesuak irekita daude jada, eta, beraz, norbaitek zalantzak baditu edo eskainitako lanpostuei buruzko informazio gehiago behar badu, Inguraldek Innobak Beurko eraikinean (Dolores Ibarruri pasealekua, 82- Beurko Zaharra) dituen arreta- eta informazio-zerbitzuekin jar daiteke harremanetan, edo 944 189 044 telefono-zenbakira deitu.

Udalak zuzenean kontratatzeari dagokionez, nabarmendu behar da proiektuak aukeratzea, diseinatzea eta kontratazioak garatzea udal-sailen arteko komunikazio- eta lankidetza-prozesu luze baten emaitza dela. Proiektu aipagarrienen artean honako hauek aipa daitezke: bideak pintatzea, hiri-argiteria, arotzeria eta igeltserotza mantentzea; Larrazabal inguruko berdeguneak birgaitzea; haur-eskolekin lankidetzan aritzea; eta egoera bereziki ahulean dauden pertsonei laguntzea. Aipamen berezia merezi du euskara babesteari eskainitako atalak, ikastetxeetan euskal jolas tradizionalak berreskuratzeko edo merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko proiektu bat abian jarriz.

Aurreko Enplegu Plana

2023-2024 Enplegu Plana martxan jartzea bat dator aurreko plana amaitzearekin, udalerriko 93 langabek baliatu baitzuten. Nabarmentzekoa da horietatik 25 Barakaldoko enpresetan kontratatu direla horretarako ezarritako laguntzei esker, eta horietatik % 56 emakumeak izan direla, deialdiaren baldintzak betez.

Gainera, kontratatutako 25 pertsonetatik 12 35 urtetik beherakoak dira, bat 55 urtetik gorakoa, bost luzaroko langabeak, bi 35 urtetik beherakoak eta iraupen luzeko langabeak, eta beste bat iraupen luzeko langabea eta DSBE jasotzen duena.

Eskatutako lanbide-profilen artean, honako hauek daude: proiektu-teknikaria, marketin- eta salmenta-teknikaria, ile-apainketako lehen mailako ofiziala, gidariak, harreragileak, administrariak, zerbitzariak, tabernariak, saltzaileak, masajistak – esteticiens, haur-hezitzailea, gelako laguntzaileak, eta industriarako lehen eta bigarren mailako ofiziala.

Bestalde, aurreko Enplegu Planaren onuradunek parte hartu duten proiektuen artean, honako arlo hauetan udal-zerbitzuei laguntzeko hainbat jarduera daude: logistika eta lekualdaketak, oinezkoen pasabideak margotzea, stop-ak, pasatzen uztea, irlatxoak, errepide ardatzak, errepide ertzak, urkilak eta mugarriak jartzea, eta barandak jartzea.

Adinekoen zentroek ere Hurbitzaileak proiektuan parte hartu duten pertsonen laguntza izan dute, pertsona kalteberak behatzeko eta detektatzeko agente gisa, ondoren informazioa zerbitzu egokietara bideratzeko.

Bestalde, jarraipena eman zaio gazteen emantzipazioa babesteko proiektuari, ikus-entzunezko komunikazioari eta komunikazio digitalari lotutako proiektuei, hainbat zerbitzuren administrazio-laguntzari eta enpresa-sarea bultzatzearekin lotutako proiektuei, besteak beste.

 

Eskaintzak Lanbiden

Lanpostuei buruzko informazio gehiago

 

 

SUBIR