Barakaldoko 88 langabetu laneratu ahal izango dira Enplegu Arloari esker, bost heziketa-proiekturen bitartez

Marketin industriala, turismo industriala, orientazioa hirugarren sektorean, ospitale-garbiketa, egitura metalikoen pintaketa eta 'silver economy'a, hara hor Juan Antonio Pizarro zinegotziak iragarri dituen ikastaroak

 

Barakaldon, 2021ko uztailaren 22an

Gaur iragarri du Barakaldoko Toki Garapenerako Agentziako Enplegu Arloko Juan Antonio Pizarro zinegotzi ordezkariak bost prestakuntza-proiektu jarriko direla abian, eta udalerriko 88 langabetuk  hartu ahal izango dute parte.

Udazkenean hasiko dira ikastaroak: marketin industriala, turismo industriala, orientazioa hirugarren sektorean, ospitale-garbiketa, egitura metalikoen pintaketa eta 'silver economy'a (mendekotasuna dutenentzako arreta, norberaren autonomia hobetzeko prozedurak aplikatuz).

"Ez dira, ordea, prestakuntza ekintza soilak. Hain zuzen ere, partaideen laneratzea erraztera eta enplegagarritasuna hobetzera bideratuta daude.  Alde batetik, oraintxe lanpostu-eskaintza dagoen jardueretan jartzen dutelako arreta, eta bestetik, langabetuei jarraipen-laguntza emanez egiten delako prestakuntza", azaldu du Pizarrok.

Gaian adituak diren bi erakunderen bidez jarriko dira abian prestakuntza ekintzak: Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren bidez eta Integrando Fundazioaren bidez. Biek hartu dute ikastaroetan parte hartzen dutenen erdia gutxienez laneratzeko konpromisoa.  

Idoia Mendia lehendakariorde duen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak finantzatuko ditu % 90ean ekimenak, Lanbideren Proiektu Berezien programaren bitartez. Udalak, berriz, gainerako % 10ean.

IZENA EMATEKO EPEA ZABALTZEAR

"Hasiak ditugu dagoeneko ekintza horiek abian jartzeko administrazio-izapideak, eta, beraz, Lanbidek deialdiaren beharkizunak betetzen direla egiaztatu bezain laster jarriko dira martxan.  Hasi baino lehen, jendaurrean jakinaraziko den epea zabalduko da, interesatuek izena eman dezaten", esan du Juan Antonio Pizarrok.

Aurtengo urtearen amaieran eta 2022an abian jarriko diren plan berrien bidez  kontratatuko diren udalerriko 210 bizilagunei  gehituko zaizkio Proiektu Berezikoak. Kontratazioak burutu ahal izateko, 2,7 milioi inguru inbertituko dira. Kopuru horren zatirik handiena - ia 2,4 milioi - Idoia Mendia zuzendari duen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jarriko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez.

 

SUBIR