Langabezian diren gazteen enplegagarritasuna hobetzen jarraitzeko, 55.314 euro baliatuko ditu Barakaldok Gaztedi Ezkerraldea 2020 hitzarmenaren bitartez

Udalerriko adinekoen arteko eten digitala murriztea da lan-eskaintzaren ardatza, app-ak, webguneak edo formazioen bidezko tresna informatikoak erabilgarriak direla erakutsiz. Gazteria Arloko Jonathan Martínek eta Enplegua,

Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko Juan Antonio Pizarrok aurkeztu dute 3 lagun zuzenean kontratatuko dituen ekimena.

Barakaldo, 2020ko azaroaren 3a

55.314 euro inbertituko ditu Barakaldoko Udalak udalerriko gazte langabetuen enplegagarritasuna hobetzen.  Goizean eman dute horren berri prentsaurrekoan Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martínek eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketako Juan Antonio Pizarrok.  Bizkaiko Foru Aldundiak eta Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko udalek garatzen duten Gaztedi Ezkerraldea hitzarmenaren barruan sartuta dago ekimena.

Zehazki, aurtengo proiektuaren xedea udalerriko adinekoen arteko eten digitala estutzea da, eta lan esperientzia zehatz bat egin ahal izatea eskaintzea parte hartuko duten gazteei, lan kontratuak dirauen bitartean sostengua izan dezaten. Jarraipena  egitea ere du xede proiektuak. 

Barakaldoko 35 urtetik beherako 3 langabetuk hartuko dute parte; udalerrian erroldatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa izen-emanda egon behar dute.  Haietako bik hezitzaile profila izan behar dute, eta gainontzekoak, berriz, koordinatzaile profila. 4 hiletan garatuko da kontratazioa

"Proposamen honekin, aurre egin beharreko hiru erronka sozial batu nahi ditugu. Batetik, biztanleriaren zahartze progresiboa, bestetik, ekonomia eta harreman sozialak digitalizatzeko joera gero eta handiagoa, eta azkenik, gazteen langabezia tasa", azaldu du Martinek. "Beste erronka bat ere gehituko nioke, pandemiarena; izan ere, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure adinekoek teknologia berrien bidez eurekin harremanetan egoteko aukera izatea", gaineratu du Gazteria zinegotziak.

Juan Antonio Pizarrok, bere aldetik, proiektu honetarako kontratatuko direnen profilak lan merkatuan eskaera handia duela azpimarratu du. "Barakaldoko gazteei teknologia berriekin eta gure adinekoentzako arretarekin lotutako gaietan lan-prestakuntza jasotzeko aukera ematen ari gara, eta bi arlo horiek aukera dute gerora lana aurkitzeko, baita pandemiaren garaian ere. Hau da, ekimen honek ez du soilik barakaldarrei zerbitzua eskaintzeko balio, gure gazteen laneratzea errazten baitu", adierazi du Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak. Proiektuak 55.314 euroko inbertsioa du, eta Barakaldoko Udalak 16.594 euro jarri ditu.

MARTXAN DA DAGOENEKO BILAKETA
Barakaldoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin duen erakundearteko lankidetzatik sortu da proiektu hau, eta zeharkako lana ere bada tokiko erakundearen barruan, Gazteria eta Enplegu arloek elkar hartuta egiten  baitute lana. 

Zabalik da dagoeneko enplegu eskaintza. 35 urtetik beherako hiru lagun langabe bilatuko dira, honako eginkizunok betetzeko:

  • Adinekoek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileran dituzten ohiko gabezien egoera ezagutzea.
  • Belaunaldien arteko gap teknologikoa eta horri eragiten duten kausak ezagutzea.
  • 65 urtetik gorakoei konektibitatea eta bizi-kalitatea hobetzen lagun diezaieketen aplikazio erabilgarrienak eta erabilera teknologiko ohikoenak identifikatzea.
  • Adinekoak inspiratu eta haien erabilera motibatzen duten aplikazioen, tresna informatikoen, webguneen edo zerbitzu digitalen erabilgarritasunari buruzko erakustaldiak egitea.
  • Adinekoei aldez aurretik jasotako eskaerei buruzko informazioa ematea.

Koordinatzailearen kasuan, honako eginkizun hauek gehitzen zaizkio:

  • Inguraldeko eta Udaleko teknikariekin koordinatzea.
  • Banakako hitzorduen bidez laguntza pertsonalizatua eskaintzea programan parte hartzen dutenei.
  • Egoerari buruzko txostenak egitea hautemandako premiei buruz, eman beharreko proposamenei buruz, horien emaitzei buruz eta proiektuaren helburuak lortzen laguntzen duen edozein gorabeherari buruz.
SUBIR