Barakaldoko Udal Enplegu Planean parte hartzen dutenen ia erdiak lana du dagoeneko

Enplegu Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok adierazi duenez, ekimen honi esker, 18 lagunek enplegua lortu dute Big Data, marketin digital, robotika industrial eta fatxaden birgaitze jasangarriaren eremu profesionaletan

2019ko azaroaren 12a.

`Barakaldo Lan Up¿ Udal Enplegu Plana hasi da emaitzak ematen. Udaren hasieran jarri zen martxan ekimena, eta amaitzear dagoela, 38 parte-hartzaileetatik 18k lana aurkitu dute, Enplegua, Gizarte kohesioa eta Aniztasunaren kudeaketa Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok adierazi duenez.

Barakaldoko Udalaren Inguralde-garapen agentziak sustatutako proiektua da, eta prestakuntza profil eta ibilbide profesional desberdinetako 38 langabek osatzen dute, eta guztiek parte hartu dute gaur egungo lan-merkatuaren beharren araberako lau prestakuntza-ibilbideetan.  Enplegu planak kontratazioak egiteko laguntza poltsa bat ere badu, onuradunek lana aurkitzeko erraztasuna izan dezaten.

Pizarrok dioenez, programarekin lortutako laneratze kopuruak adierazten du Barakaldok lan-irteeraren ehuneko handia duten sektoreen alde egin behar duela:  "lanean jardun behar dugu trebakuntza kualifikatua emateko, bai inguruko enpresen beharrizanetara, bai lan-merkatuak behar dituen lanbide-espezialitateetara egokitutako ikastaroen bitartez".

Ekimenaren barruan, Inguraldek antolatutako laneratze-ibilbideak lau lanbide adarren inguruan eman dira: Big Data, marketin digitala, robotika industriala eta fatxaden birgaitze jasangarria. Ibilbide bakoitzean, 100 ¿ 120 orduko prestakuntza ikastaro erreal eta praktikoa egin duten 10 lagunek hartu dute parte, gehienez.

Proiektuak iraun duen bitartean, Inguraldek harreman zuzena izan du inguruko enpresekin langileen beharra duten jakiteko. Bitartekotza lanaren eta parte hartu duten pertsona bakoitzak egindako ahaleginaren emaitza lehenengo kontratazioak egitean eman da. Fatxaden energia-birgaikuntzaren eta robotika industrialaren ibilbideetan 6na kontratazio lortu dira; marketin digitalean, 4; eta Big Datan, 2.

KONTRATAZIORAKO LAGUNTZAK

Udal enplegu planaren bigarren zatian daukagu kontrataziorako laguntza-lerroa, lau trebakuntza-ibilbideetan parte hartu duten pertsonak plantillan sartu nahi dituzten enpresentzat. Guztira, 13 enpresek hartu dute laguntza mota hau, eta horren ondorioz, 18 kontratazio egin dira orain arte. 6.000 euroko laguntza da 3-6 hilabete arteko kontratu bakoitzeko; baina kontratatutako pertsona laneratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboetakoren batekoa bada, diru-laguntza 9.000 eurokoa izan daiteke.

Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte kohesioa eta Aniztasunaren kudeaketa Arloko zinegotziak espero du datozen hilabeteotan "enplegu-planean parte hartu duten guztiek lana aurkitzea. Gainera, gutxi barru, kontrataziorako laguntzen inguruko beste deialdi bat zabalduko da, beraz, tokiko enpresek jende gaztea kontratatzeko bigarren aukera bat izango dute".

Barakaldoko Udalak 410.000 euro inbertitu ditu Enplegu Plan hau burutzeko.

 

SUBIR