Ingurualdek informazio saioak antolatu ditu Barakaldoko herritarrei Lanbidek diruz lagundutako Plan berriko lan eskaintzak atzitzen laguntzeko

2019-2020 Enplegu Planeko 92 onuradunen hautaketa prozesua urrian hasiko da, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa Saileko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok prentsaurrekoan adierazi duenez. Informazio saioetan parte hartu nahi duten pertsonek Enplegu Zentroan eman behar dute izena aurretik.

Ingurualdek, Barakaldoko Garapen Agentziak, hainbat informazio saio antolatu ditu 2019-2020 Tokiko Enplegu Planeko lanpostuen eskaintza ezagutarazteko. Plan hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatzen duen enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdiaren bidez dago diruz lagunduta. Irailean, udalerriko auzokideek sakon ezagutu ahalko dituzte Udalaren kontratazio prozesuan sartuko diren 92 profil profesionalak.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa Saileko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok prentsaurrekoan adierazi duenez, 2019-2020 Enplegu Plana tresna bat da, eta "lan merkatuan sartzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonei aldi baterako lan esperientziaren eta lanaren arloko aholkularitzaren bidez lan munduan berriz sartzen laguntzea" du xede.

Hala, lehentasuna emango zaio langabezia modurik gordinenean jasaten duten pertsonen kontratazioari, hala nola emakumeak, epe luzeko langabeak, 35 urtetik beherako gazteak eta DSBE jasotzen duten pertsonak. Urrian, Ingurualdek bete beharreko postuen zerrenda bidaliko du Lanbidera, eta Euskal Enplegu Zerbitzua bera arduratuko da eskatutako profil profesionalen ezaugarrietara egokitzen diren pertsonen hasierako hautaketa egiteaz, lan eskatzaile guztiak kontuan hartuta; ondorioz, beharrezkoa da curriculuma eguneratuta izatea.
Hori dela eta, irailean Inguraldek egunean bi informazio saio eskainiko ditu, 12:00etan eta 14:00etan, Enplegu Zentroan. Ekimenean interesa duen edonor bertara daiteke saioetara.

SARBIDE BALDINTZAK EZAGUTZEA
"Oso garrantzitsua da planean parte hartu nahi duten pertsonek Lanbideko lan eskaera eta curriculuma eguneratuta izatea, Lanbidek berak egingo duen hautagaien hasierako hautaketan sartu ahal izateko; hori dela eta, informazio saio hauetan parte hartzera gonbidatzen ditut, sortuko diren lanpostuak eta horiek eskuratzeko baldintzak xehetasunez ezagutu ditzaten", gehitu du Juan Antonio Pizarrok. 

Parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik Enplegu Zentroan izena ematea, bai Innobak Beurkoko instalazioetara bertaratuta (Dolores Ibarruri pasealekua, 82 ¿ Beurko Zaharra), bai 944 189 044 telefono zenbakira deituta.

MAILA GUZTIETAKO POSTUAK
Plan berriarekin sortuko diren postuak 31 programatan banatuko dira, eta askotariko profil profesionaletako pertsonei emango diete lana. Berritasun gisa, aurten aipatzekoa da "Me gusta mi mercado" proiektua martxan jarriko dela; horren harira, bi pertsona arituko dira Handizkako Udal Azoka dinamizatzen.

Horrez gain, Munoa etxaldean esku hartzeko hiru programa egongo dira (5 pertsona), paisaia berreskuratzeko, zuhaitzen inbentarioa egiteko eta Fincarte izeneko beste bat, horma perimetrala berritu eta gerora artelan batekin margotzeko.

Herri Lagunkoia programak martxan jarraitzen du, 20 pertsonarekin. Hiri altzariak berreskuratzeko programak 11 pertsona beharko ditu, eta beste hiruk isuri kontrolatuetarako puntuetan garbiketa programarekin jarraituko dute.

Egingo diren kontratazioetatik, 14 pertsonak igeltserotza, pintura, iturgintza eta zurgintza lanak egingo dituzte udal etxebizitza, hezkuntza eta kultura ekipamendu, eta bideetan, halakoak behar direnetan. Beste 9 pertsona gune berdeak berreskuratzen eta baso bideak garbitzen arituko dira.

Halaber, euskara sustatzeko programek aurrera jarraituko dute; 5 pertsona kontratatuko dira horretarako. Horrez gain, Udaleko hainbat sailetan dokumentuak digitalizatu eta kudeatzeko lanek ere aurrera jarraituko dute.  Bestalde, 4 pertsona kontratatuko dira hiriko enpresa sarea hobetzeko bi ekimen garatzeko.

Gainerako kontratazioak honako arlo hauetakoak izango dira: gazteei emantzipatzen laguntzeko programak, hiriko hainbat ekipamendutan dauden Administrazio Elektronikoko puntuen erabilera sustatzea, egoera kalteberan dauden pertsonei gizarte eta hezkuntza laguntza ematea eta Barakaldoko herri historiari buruzko lekukotzak jasotzea.

SUBIR