Barakaldok hornidura azoka biziberritzearen alde eta Munoa onibarra edertzearen alde egiten du 2019ko Enplegu Planaren bidez

Udalak tokiko enplegu proiektu berria aurkeztu dio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari; inbertsioa 1,4 milioi eurokoa da eta 122 barakaldarren enplegatze gaitasuna sustatu nahi du horren bidez

Barakaldo, 2019ko ekainaren 4a

Barakaldoko udalak, Inguralde bere garapen agentziaren bitartez, Enplegu Proiektu berria aurkeztu dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, langabe direnen kontratatzea sustatzeko asmoz; izan ere, hirian atontze lanak eginez eta udalak eskaintzen dituen zerbitzuak optimizatuz, enplegatuak izateko gaitasuna areagotu dezaten, lan esperientzia hartuz eta enpresek kontuan hartzen dituzten gaitasun pertsonal eta lanekoak garatuz.

Halatan, bada, proiektua garatzeko, hainbat jarduera eginen dira eta horietarako udalak 92 pertsona kontratatuko ditu zuzenean eta kontratazioa laguntzeko deialdi berria egingo da 30 pertsonaren kontratazioa errazteko asmoz.

"Hiriko langabezia tasa murrizteko helburuan tinko jarraitzen dugu eta 1.4 milioi euroko inbertsioa egingo dugu egoera txarrenean ditugun eta lan merkatura bideratuak izateko ekimen hau bezalako ekimenen beharra duten herritarrei laneratzeko aukera eskaintzeko" azaldu digu Amaia del Campo Barakaldoko jarduneko alkateak Lanbideri aurkeztu zaion proiektua azaltzean.

Ekimen hau Lanbidek sustatzen duen Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzetarako Laguntzen Programaren deialdiari esker egingo da; deialdi horren bitartez, udalak 1.287.512,54 euroko dirulaguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Aurrekontua osatzeko, udalaren diru kutxatik ia 100.000 euro gehiago emango ditugu.

HIRIA HOBETZEKO PROGRAMAK

Plan berriaren bidez sortuko diren lanpostuak 31 programatan banatuko dira eta hainbat eta hainbat motatako lanbide soslaiko pertsonei eskainiko diete lana, enpleguaren aukera kolektibo mota desberdinei eskaintzeko.

Aurten badugu berritasun nabarmen bat, hau da Nire azoka gustuko dut proiektua abian jartzea eta, horren bitartez, udalaren hornidura azoka biziarazteko bi pertsona ekartzea. "Uste dugu azokaren irudia egokitu eta saltzaileek bertan eman litzaketen zerbitzu berriak pentsatu behar direla; horretarako, bi pertsona arduratuko dira ematen den zerbitzua hobetzeko ekintza plana sortzeaz", zehaztu du Del Campok. 

Horrez gain, hiru esku-hartze egitarau eginen dira Munoa onibarrean (5 pertsona) paisajea leheneratzeko, zuhaitzen zerrenda egiteko eta beste berri bat, Onibarte-Fincarte izenekoa, jabegoaren ingurua egiten duten hormetako bat berritzeko, gero artistek Horacio Echevarrieta jauregiaren lehen jabearen bizitza pertsonal eta lanbideko irudiekin margotu dezaten.

Aurrera jarraituko du Herri Lagunkoia programak, zeinean 20 pertsona arituko baitira txikiei, eskola sartze eta ateratzeetan, bide heziketa eskaintzen. Hiri altzariak berritzeko egitarauak 11 pertsona beharko ditu, eta beste hiru kontrolgabeko zabor-tokiak kentzeko programaz arduratuko dira.

Kontratatuko direnen artean, 14 pertsona igeltsero, margolari, iturgin eta arotz lanetan arituko dira hobetu beharrean diren udal etxebizitzetan, heziketa eta kultura ekipamenduetan eta bideetan. Beste 9 pertsona berdeguneak leheneratzen eta baso bideak garbitzen arituko dira.

Euskararen sustapena, historia eta e-administrazioa

Aldi berean, euskara sustatzeko programekin jarraituko dugu, 5 pertsona kontratatuz, bai eta zenbait udal sailetan digitalizatze eta dokumentazio kudeaketako programekin ere (4 kontratu). Beste lau pertsona hiriko enpresa ehunduraren lehiakortasuna areagotzeko bi ekimen garatzeko kontratatuko dira.

Gainerako kontratazioak gazteen emantzipatzea laguntzeko programetara joango dira, hiriko ekipamenduetan dauden e-administrazioko guneak erabil daitezela bultzatzeko programetara, egoera ahulean direnei laguntza sozio-hezitzailea emateko programetara, bai eta Barakaldoaren herri historiari buruzko lekukotzak biltzeko programetara.

Amaia del Campok aurreratu digun bezala, udala "Eusko Jaurlaritzak proiektua onar dezan itxaroten ari da gauzatzen hasteko. Espero dezagun uda ondoren hasiko garela jadanik behar ditugun lanbide soslaiak Lanbidera igortzeko prozesuarekin eta gero onuradunen hautaketan. Aurrekoetan bezala, herritarrentzako erreferentzia lekua gure Enplegu Zentroa izango da".

Barakaldoren 2019-2020ko Enplegurako Tokiko Planak langabezia bereziki jasaten dutenak kontratatzeari emango dio lehentasuna, hala nola diren emakumeak, langabe denbora luzez direnak, 35 urte gabeko gazteak eta DBE-RGIren hartzaileak.

Kontratuak 4-6 hilabetekoak izango dira, programaren arabera.

Lanbidek maiatzean argitaratutako azken datuek erakusten digute Barakaldon 6.358 pertsona direla langabe, apirilean baino 132 gutxiago. Azken lau urteotan, Barakaldoko langabezia kopurua % 18  egungo % 13raino  jaitsi da, hau da, 2.402 barakaldarrek lortu dute garai horretan lanpostua.

KONTRATAZIORAKO LAGUNTZAK

Enplegu Plan berriak kontrataziorako zuzeneko laguntza lerroa izango du, 185.701,53 eurokoa, tokiko enpresek langabe diren pertsonak kontratatuz emenda dezaten langile kopurua. Diru kopuru horren bidez hogeita hamar bat pertsona laguntzeko asmoa dugu.

SUBIR