Inguraldek Industriarako Robotak programatzeko ikastaroa eskaintzen du martxoko prestakuntzaren barruan

Ikastaroa doakoa da, eta hamar gaztek lortuko dute automatizazioaren arloko enpresetan gehien erabiltzen diren industria-robotak programatzeko gaitasuna

Barakaldo, 2018ko martxoaren 6a

Barakaldoko Udaleko Garapen Agentzia den Inguraldek gaur ireki du industria-robotak programatzeko ikastaroan izena emateko epea.  Ikastaro hau Goi Mailako Heziketa Zikloa edo LH2 daukaten eta 18-29 urte bitarteko adina duten gazteei zuzenduta dago. Izena emateko epemuga martxoaren 13a da. Izena emateko interesa duten pertsonek Gazte Bulegora jo dezakete (San Juan, 17).

Inguraldek prestakuntza-ekimen hau 2014-2020 aldirako Gazte Enplegurako Plan Operatiboaren testuinguruan garatzen du. Plan horretako % 91,89 Europako Gizarte Funtsak laguntzen du, eta Garapenek koordinatzen du (Garapen Agentzien Euskal Elkartea).

Ikastaroa apiriletik aurrera egingo da Barakaldoko ARM Robotics Institutuko eraikinean. Bertan, prestakuntza bereziko 250 ordu emango dira, eta beste 26 ordu gehiago taldeko eta banako tutoretzei zuzenduta egongo dira. Prestakuntza-ibilbide honetan 10 lagunek lortuko dute KUKA eta ABB industria-robotak programatzeko ahalmena, automatizazioaren industriak gehien erabiltzen dituen robotak, alegia. “Beren etorkizun profesionala industria-robotikan dagoela pentsatzen ari diren gazteek ezin dute aukera paregabe hau pasatzen utzi, izan ere, badaude epe laburrean kontratu bat lortzeko aukera errealak“, azaldu du Danel Solak.

Prestakuntza-ibilbide horretan ikasleek bereganatuko dituzte industria-robotak programatu ahal izateko lanabes teorikoak eta praktikoak, besteak beste, funtzionaltasun diagramak, kokapenerako erreferentzia-sistema, robotaren mugimenduak, programaren exekuzioa eta komunikazio-mapa.  Prozesuaren aldi guztietan ikasleen aprobetxamendua ebaluatuko da, eta lan horren arabera, enpresa batean praktikak egiteko aukera izango dute.

Lan-arriskuen prebentzioaren inguruko prestakuntzarekin batera, eta lana bilatzea zeregin errazagoa izan dadin, gaitasun profesionalen eta norberaren ahalmenaren inguruko prestakuntza ere eskainiko da. 

Inguraldek Industriarako Roboten inguruko informazio xehea txertatu du bere webgunean (www.inguralde.com).

SUBIR