Lanean hasiak dira dagoeneko Barakaldoko Udalak kontratatutako langabeak

Langabezian ziren 31 lagun sartu dira udal langile plantillan, sei hilerako. Guztira, 93 kontratazio egin ditu Barakaldoko Udalak Inguralde-Garapen Agentziaren bidez, 2016ko Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzen deialdiaren barruan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako Enplegu Planaren esparruan.   Bikoitza da helburua: aspaldidanik langabeziaren ondorioak pairatzen dituztenen egoera arintzea, batetik, eta, bestetik, hainbat beharrizani aurre egitea, hiriko bizi kalitatea hobea izan dadin. 

Hauek dira lehenengo fase honetan abiarazi diren programak: Hiri lagunkoia, Berdeguneak eta Gazteak emantzipatzeko laguntza.   20 hiri-informatzailek hartzen dute parte lehenengoan, eta eginkizunak, hauek: hirigunea zaintzea, eta gertakariak bildu eta dagokien udal departamentuei horien berri ematea.  

Udalerriko landaguneak - hala nola, Larrazabal Basoa, ortu ekologikoa eta Kastrexanako galtzada erromatarra - zaintzen eta haien mantentze-lanetan arituko dira Berdeguneak programan dauden bederatzi lagunak.  Arron eta landa-bideetako garbiketa egingo dute, bai eta sastrakak erretiratzeko lanak ere.  Oraingo honetan, Munoa parkean jardungo dute, oraindik ukitu gabeko alderdiak bere onera ekartzen eta garbitzen.  

Bestalde, bi emakume hartu ditu Gazteak Emantzipatzeko Laguntza programak. Batek, gazte barakaldarren ezaugarriei eta egoerari buruzko diagnosia egingo du, eta, bigarrenak, berriz, web orria dinamizatzeko lanak.  

Lehenengo fase honetan Lanbideren bidez aukeratutako 31 lagunen ostean, langabezian diren beste 62 barakaldar aukeratuko dituzte 2016-2017ko Enplegu Planaren bigarren fasean. Abenduaren 12an sartuko dira gehienak; gainontzekoak, urtarrilean.  Honako eginkizun hauek izango dituzte, besteak beste: argiteria publikoko mantentze-lanak, eskolak margotzea, hiri-altzariak zaintzea, Larrazabal eskolako antzinako hiri-altzarien inbentarioa, Udalak abiarazi duen euskararen atari berria dinamizatzea eta berrikuntza digitalari laguntzea.

SUBIR