Ingurualdek bultzada emango dio Hiri Behatokia izeneko zerbitzuari, tokiko garapen politikak sustatzeko
Udaleko garapen agentziaren webguneko atal bat da; bertan, hiriaren bilakaera sozioekonomikoari buruzko hainbat txosten eta adierazle aurki ditzakete herritarrek
Barakaldo, 2018ko urriaren 16a
Barakaldoko Udalaren Garapen Agentziak, Ingurualdek, alegia, bultzada eman dio Hiri Behatokia izeneko zerbitzuari. Zerbitzu hori www.ingurualde.com webguneko atal bat da eta, bertan, hiriaren errealitate sozioekonomikoa jaso, aztertu eta horren berri ematen da, hain zuzen ere lan merkatuari, jarduera ekonomikoari, zerbitzuei, ekipamenduei, errentari, biztanleriari eta demografiari dagokienez, besteak beste.
Helburua da beharrizanak hauteman eta aztertzeko tresna hori sustatu eta modernizatzea; hain zuzen ere, tresna hori baliagarria da "gure hiriaren garapen sozioekonomikoa ahalbidetuko duten programak eta politikak zuzendu eta zehazteko", Ingurualdeko presidente Danel Solaren hitzetan.
Hiri Behatokiaren jarduerak askotariko txostenak barne hartzen ditu, eta txosten horiek Barakaldoren ikuspegi oso eta eguneratua ematen dute. Hala, webguneko atal horrek zati hauek ditu: enpleguari eta jarduera sozioekonomikoari buruzko Zainguralde Bilduma; Sektorekako Txostenak; Hiriak XXI Txostenak; Enpresen Jarraipena; Laguntza eta Diru Laguntzei buruzko Buletina, eta Zainketa Erantzukidea tresna (bizitza pertsonala, laneko bizitza eta familiako bizitza uztartzen laguntzea du helburu eta Barakaldoko baliabide publiko nahiz pribatuei buruzko informazioa ematen du).
ADIERAZLEEN SISTEMA
Hiri Behatokia zerbitzuak hainbat kategoriatan sailkatutako 87 adierazlek osaturiko sistema batekin egiten du lan; adierazle horiek hiriaren bilakaera aldagai nagusiak neurtzen dituzte etengabe. Jasotako datuak doan kontsulta daitezke txostenetan, bildumetan, bilakaera grafikoetan, tauletan eta mapa tematikoetan. Sistemak aukera ematen du materiala deskargatu eta gordetzeko, hainbat formatutan, gerora erabili ahal izateko. "Herritarrei udalerriaren egoerari buruzko ikuspegi globala modu argi eta errazean emateko aukera bat da; hala, tokiko garapena sustatuko duten, beharrizan berriei erantzungo dieten eta gizartearen bilakaera islatuko duten jarduketak eta estrategiak abiarazi ahalko dira", nabarmendu du Ingurualdeko presidenteak.
ATAL ETA TXOSTEN BERRIAK
Zerbitzuak atal berria du, "Barakaldo zifretan"; atal horretan, udalerriari buruzko zenbaki bidezko datuak aurki daitezke, besteak beste hauei buruzkoak: hedadura, biztanleria, euskalduntze maila, ikasketak, langabezia tasa, etxebizitza kopurua, azalera eraikigarria, enpresak eta tipologia, sortutako enplegua eta abar.
Gainera, antzeko beste atal bat sortzeko lanetan ari dira; "Barakaldo grafikotan" deituko da eta, bertan, hainbat adierazle agertuko dira (batzuk Ingurualdek berak sortuak eta beste batzuk beste iturri batzuetatik ateratakoak). Atal horri esker, hiriari buruzko informaziorik garrantzitsuena modu bisualean aztertu ahalko da.
Halaber, Behatokiak egin dituen sektorekako azken bi txostenak jada webgunean daude, gainerako lanekin batera. Txosten horietan kontsumo ohiturak eta herritarrek Barakaldo markari buruz duten iritzia aztertzen dira.
"Kontsumoarekiko konfiantza" txostenak kalean egindako 350 inkesta ditu oinarri. Inkesta horietan, Barakaldoko saltokietan kontsumitzen ari ziren herritarren iritziak jaso ziren erosketa ohiturei, merkataritzari eta tokiko hiri enpresei, bizitzaren kostuari eta aurrezteko gaitasunari buruz. Oro har, herritarren iritziak positiboak izan ziren, eta inkestari erantzun ziotenen % 90ek adierazi zuten egoera duela urtebete baino hobea dela; hala ere, erosketa-saskian ohikoak diren produktuen prezioak gora egin duela hauteman zen.
"Barakaldo, marka eraikiz" ikerketan, berriz, Barakaldoko auzoetan antolatutako eztabaida taldeetan jasotako iritzi pertsonalak biltzen dira, barakaldarrek hiriari buruz duten irudiari dagokionez.
Behatokiaren azken lana Barakaldoko gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalari buruzko azterketa izan da; duela gutxi aurkeztu zuen Udalak. Hemendik gutxira, Gizarte Ekintza Sailak egindako gizarte diagnostikoa ere gehituko da, "Barakaldoko beharrizanen mapa" izenekoa.
