6.500 bat lagunek baliatu zituen Barakaldoko Garapen Agentziako zerbitzuak 2016an
2016ko Jardueren oroit-idazkia’ aurkeztu du erakunde publikoak. 186 lanpostu berri sortu izana eta 88 enpresa sortzen lagundu izana nabarmentzen du txostenak.
Barakaldo, 2017ko maiatzaren 5a.
6.463 erabiltzaileri eman zion arreta iaz Barakaldoko Udaleko Garapen Agentziak bere zerbitzuen bidez, langabezian daudenei sostengua emanez, ETE berriak sortzen lagunduz eta merkataritza eta hiri enpresari, kontsumitzaileei eta berrikuntzari laguntza emanez.
2016ko urteari dagokion jardueren oroit-idazkia aurkeztu du gaur goizean Barakaldoko alkate Danel Solak, eta han azpimarratu du ‘hiriko enplegua eta ekonomia-garapena sustatze aldera Inguraldek tresna eraginkor bihurtzeko‘ hartu duen konpromisoa”.
Udalerriko langabezia tasa murrizten ahalegindu da udal erakundea hein handi batean, bai eta lan bila dabiltzanen egoera arintzen ere. Horrela, 2.243 lagunek (1.080 emakumek eta 1.163 gizonezkok) hartu zuten parte enpleguaren inguruko informazioa, orientabidea eta trebakuntza jasotzeko egitasmo eta jarduera ugaritan. Bestalde, lan merkatuari buruzko 17.888 kontsulta erantzun zituen Zerbitzuak; iaz baino 2.563 kontsulta gehiago.
Enpleguaren arloan, Danel Solak nabarmendu du Inguralderen bidez “186 barakaldarren kontratazioa bultzatu zela": horietatik 93, zuzenean kontratatuak izan ziren hiria hobetzeko 18 proiektutan, eta beste 23k lanpostua aurkitu zuen enpresei eskainitako kontrataziorako laguntza deialdi baten bitartez. Horrezaz gainera, beste 70 kontratu gauzatu ziren, inguruko enpresekin egindako lan-bitartekaritzaren bitartez.
Beste alde batetik, 849 lagunek hartu zuen parte 74 talde-tailer, saio eta foroetan, honako arlo hauek lantzeko: besteak beste, enplegu eskaintzak, prestakuntza eskaintzaren hedapena, sare sozialetako profil profesionala kudeatzeko modua edo enplegu-atarietan alta emateko modua.
Online prestakuntzan, nabarmentzekoa da Inguralde dela Mentor Gela eskaintzen duen euskal udalerri bakarra: 160tik gora tutoretzapeko ikastaro dauzkan Hezkuntza Ministerioaren plataforma digitala. 68 lagunek hartu zuen parte iaz programa horretan, bere curriculum profesionala sendotzeko.
ENPRESA BERRIAK
88 enpresa sortzen lagundu du Barakaldoko Udaleko Garapen Agentziak. Zerbitzu pertsonalen eskaintza, merkataritza arloa eta enpresetarako zerbitzuak dira ETE berrien jarduera-sektore nagusiak.
2016an, enpresak sortzeari buruzko aurrez aurreko 7 ikastaro antolatu zituen erakundeak; 114 lagun bildu zituen, % 59,17 emakumeak.
Horrez gainera, 32 enpresek hartu zuten parte Banan banako Jarraipen Programan, merkatuan finkatzeko xedez.
Innobak Enpresa Zentroen Sareari (Innobak Junqueral, Innobak Ugartebeitia eta Innobak Beurko) dagokionez, % 69,77koa izan zen okupazio maila, batez bestez. Hiru ekipamenduen bidez, 42 bulego eta 2 industria-nabe eskaintzen dizkie Udalak udalerrira etorri nahi duten enpresei, bai eta erabilera anitzeko hainbat areto, prestakuntza gelak eta zerbitzu komunak ere.
MERKATARITZARI ETA HIRI ENPRESARI SOSTENGUA
263 enpresek egindako 363 kontsulta ebatzi zituen iaz Merkataritza eta Hiri Enpresari Laguntzeko Zerbitzuak. Kontsultarik gehienek daukate zerikusia laguntza eta diru-laguntzekin, finantzaketa bideekin, langileak kontratatzearekin, fiskalizazio arloko gaiekin, teknologia berriekin, negozio ildo berriekin eta Interneten presentzia eta kokapena nola lortu asmatzearekin.
Bertako enpresekin konfiantza eta gertutasuna lortzeko asmoz egin ziren 150 bisita, 120 saltokitara. Horrelako bisitaldietan, saltokiek dauzkaten beharrizanak antzematen dira, eta enpresa bakoitzari Inguraldek eskain ditzakeen zerbitzuetatik hobekien egokitzen zaizkionen berri ematen zaio.
Sustapen eta suspertze arloan, 9 ekintza antolatu ziren, eta 412 saltokik hartu zuten parte. Ekimenok izan ziren azpimarragarrienak: Barakaldoko antzinako argazki bilduma, BECeko Makina Erremintaren Biurtekoaren karietara merkataritza eta ostalaritza sustatzeko kanpaina eta 'Erosi Barakaldon’ ekintza.
Prestakuntzaren alorrean, berriz, kudeaketa hobetzeko 55 tailer burutu ziren, eta 230 lagunek hartu zuen parte. Era berean, 102 hiri enpresa ahalegindu ziren teknologia berrietara moldatzen, Renova Digital Planaren bitartez.
Merkataritza Biziberritzeko Plan Estrategiko berri bat idazten hasita daude, bestalde, datorren 4 urtetan sektorearen etorkizuna gidatzeko.
KONTSUMITZAILEEI ARRETA
Azkenik, esan, Inguralde arduratzen dela Kontsumitzaileei Arreta Emateko Udal Bulegoa kudeatzeaz.
2.880 kontsulta jaso zituen 2016an, eta horietatik % 6 mailez heldu zitzaizkien. Ia guztiak argitu zituzten egun berean. Era berean, 660 erreklamazio espediente tramitatu ziren, eta kasuen % 93tan asebetegarria izan zen bitartekaritza.
Telefonia kontuak jarraitzen dute izaten barakaldarren kontsulta eta erreklamazioen xederik nagusiena. Hurbiletik jarraitzen zaizkio, ur, gas, elektrizitate, aseguru, bidaia eta garraio kontuak.
