Laugarrenez jaitsi da langabezia Barakaldon 8.000 laguneko langatik
Seinale positiboak ageri dira Barakaldoko lan merkatuan. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako datuen arabera, ekonomia jarduera berpizten ari dela dirudi. Izan ere, aurtengo urtarriletik urrira bitartean, 769 langabe gutxiago dago, eta Barakaldokoa izan da, hain zuzen ere, joera horretan nabarmendu den Ezkerralde eta Meatzaldeko udalerrietako bat.
Hobekuntzaren aldeko beste datuetako bat da, 8000 laguneko langa laugarren hilabetez jarraian jaitsi izana. Zehazki, urrian, 7.878 lagun zegoen langabezian, aurreko hilean baino 121 lagun gutxiago, alegia. Oraindik ere emakume langabetuen kopuruak (% 54,24) gizonezkoena (% 45,76) baino handiagoa izaten jarraitzen du.
Adinari begiratuta, urrian, 45 urtetik gorako barakaldarrengan izan zuen eragin berezia langabeziak (% 47,72); atzetik jarraitzen zaio 25 urtetik 44rakoen adin tartea (hil horretan Lanbiden izena emanda zeudenen % 46,66) eta, azkenik, 25 urtetik beherako gazteena.
Urrian izen-emandako Barakaldoko langabeak hurrengo jarduera sektoreetakoak dira: zerbitzuetakoak, % 64,56; eraikuntzakoak,% 13,56; industriakoak, %9,29 eta nekazaritzakoak, %1,37.
Kontratazioa kopurua haziz doa, etenik gabe. Urrian, 2.962 lan konpromiso sinatu ziren, aurreko hilean baino 128 gehiago. Horietatik, 191, mugagabeak ziren; 55, mugagabe bihurtu ziren, eta 2.716, berriz, aldi-baterako.
Barakaldoko enpleguaren bilakaerari buruzko datu horiek guztiak ‘Zainguralde Empleo’ txostenetik jaso ditugu. Inguraldeko Behatokiko zerbitzuak prestatzen du, aldian-aldian, www.inguralde.com web orrian irakur daitekeen txosten hori.
