Bizintek Sarien 10. urteurrena ospatu da Barakaldon
BIC Bizkaia Ezkerraldearen egoitzan talentu gazteari eskainitako jardunaldi bat egin da ingeniaritza, teknologia eta elektronikaren arloan. Bertan, unibertsitate-proiektu berritzaileenak saritzeaz gain, Unibertsitatea - Enpresa harremana indartzeko erronkan jarri da arreta.
Barakaldon, 2026ko azaroaren 27an
Bizintek Innova enpresak antolatutako Bizintek sarien hamargarren edizioa egin da gaur Barakaldon, berrikuntzara eta 4.0 industriara bideratutako Ingeniaritza, Teknologia eta Elektronikako (TFG, Masterra edo Graduondokoa) unibertsitate-proiektu onenak aitortzeko. Ekitaldian izan dira Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; Ainara Basurko, Ekonomi Sustapeneko foru diputatua; eta David Solla, Inguraldeko presidentea. Sollak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da gizartearentzat "ekonomian, eta, zehazkiago, industrian, eragin positiboa izango duten ideia berritzaileak bultzatzea"
Ikasleak, unibertsitateak eta enpresak bildu ditu esperientziak partekatzeko, eta mahai-inguru batekin hasi da jardunaldia. Bertan, Deustuko Unibertsitateko Begoña Garcia-Zapirainek, Mondragon Unibertsitateko Laida San Sebastianek eta EHUko Amaia Arrinda Sanzberrok hartu dute parte. Unibertsitateen erronkak, talentuaren garapena eta enpresekin duten harremana izan dira jardunaldiaren lehen zatiaren ardatzak.
Ondoren, sarien hamargarren edizio honetako hiru proiektu finalisten berri eman da, eta egileen kezka eta igurikimen profesionalak entzun ahal izan dira, ingeniaritzaren etorkizunari buruzko ikuspegi desberdinak dituzten bi mahai-ingururi bide eman aurretik. Amaitzeko, Bizintek 2026 sariak banatu dira.
