Langabezian dauden 600 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute aurten AKTIBATU tailerretan, HAZILAN proiektuaren barruan

2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Eragilean kokatzen da Hazilan proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 50ean, Garapenen-en parte-hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

2/05/2016

Hazilan programa “Aktibatu” tailerrekin hasi da. Pertsonak aktibatzea da helburua, prestakuntza pertsonalizatua eta coach baten laguntza eskainiz. “Aktibatu” tailerretan, garapen profesionalerako behar diren konpetentziak eta faktore psikologikoak lantzen dira. Urte hauetan garapen-agentziek egiaztatu dutenez, enpresek pertsona ekintzaileak behar eta eskatzen dituzte, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak eta beren zereginak itxarondako helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak. Konpetentzia eta gaitasun horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira ikastetxe bateko ikasgeletan eskuratzen. Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz batekin edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.

Aktibatu ekintzak: laneko prestakuntza eta orientabidea

  • Prestakuntza teoriko-praktikoa: Pertsonaren alderdi guztiak (kognitiboa, emozionala eta fisikoa) lantzera zuzendua. Helburu nagusia konpetentzia pertsonal eta profesionalak lantzea da, banako eta taldeko ekintzen bitartez.
  • Merkatuan kokatzea: enplegua bilatzeko prozesua abian jartzea da helburu nagusia.

“Aktibatu” tailerrak egin ondoren, prozesuan parte hartzen duten pertsonek prestakuntza jasoko dute enpresan (LANEKIN programa), praktikak egingo dituzte enpresan (KOKATU programa) edo hobekuntza lehiakorreko proiektuak garatuko dituzte (TALENTU IHESA programa).

Hazilan helburua: gazte kualifikatuak laneratzea

Langabezia-egoeran dauden 20 urtetik 35 urtera bitarteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa) laneratzeko proiektua da Hazilan. Prestakuntza-maila handia badu ere, kolektibo horrek zailtasun bereziak ditu lan-merkatuan txertatzeko. Hazilanek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako benetako proiektuetara egokitua.

Sarean kudeatutako proiektua

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan barrena banatutako 31 garapen-agentzia biltzen ditu Garapenek. Garapen osatzen duten agentziek guztira 176 udalerriri ematen diete zerbitzua, 1.839.396 herritar eraginpean hartuta, eta hori Euskadiko biztanleria osoaren % 84 da. Gaur egun, honako jardun-eremu hauetan lan egiten du: enplegua, ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren sustapena, turismoaren sustapena eta garapen-bidean dauden edo estrategikoak diren sektoreen sustapena.

Honako hauek dira Garapenekin batera Hazilan programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Añanako koadrila, Durangaldeko Behargintza, Egaz-Txorierriko Behargintza, Erandioko Behargintza, Inguralde, Lea-Artibaiko garapen-agentzia, Leioako Behargintza, Meatzaldeko Behargintza, Mungialdeko Behargintza, Uribe Kostako Behargintza, Andoaingo Udala, Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, Iraurgi Lantzen, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa, Urola Kostako Udal Elkartea eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza

Informazio gehiago: http://hazilan.eus/

 

SUBIR