Kontsumo Berriak

KIUBek kontsumoaren azken berriei buruzko hainbat informazio-buletin ere argitaratzen ditu. Ondoren dituzu kontsultatzeko azken buletinak eta, nahi izanez gero, izena eman dezakezu posta elektronikoz jasotzeko

Zure produktuak erostean ez badiezu adi erreparatzen online dendako erosketa-baldintzei, BEZak ezusteko bat eman diezazuke. Oraintxe azalduko dizugu zergatik gertatzen den hori, eta, batez ere, nola saihestu daitekeen.

Lehenik eta behin kontuan hartu behar duzu uztailaren 1etik BEZa ordaintzen dutela EBra egiten diren inportazio guztiek; bai, guzti-guztiek, baita 22 eurotik beherakoek ere. Zer zerikusi du horrek zurekin? Hona hemen adibide bat: running zapatila batzuk erosten badituzu eta Ameriketako Estatu Batuetatik badatoz, inportatzen ari zara. Orain arte hala ikusi ez baduzu, aurrerantzean gogoan izatea komeni zaizu.

Europar Batasunak sistema bat sortu du, izapideak errazteko: BEZaren Leihatila Bakarra (IOSS, ingelesezko izenaren arabera). Erabiltzen ari zaren denda sistema horretara atxikita badago, ez dago arazorik; prezio horretan BEZa sartuta egongo da, eta, beraz, horixe izango da zure azken prezioa. Baina sistema horretara atxikita egotea EZ da nahitaezkoa online salmentak egiten dituzten dendentzat.

Eta zer gertatzen da nik erabiltzen dudan online denda IOSS sisteman sartuta ez badago?

Hortxe dator ezustekoa. Dendan, BEZik gabe ordainduko duzu produktuaren prezioa, baina araudi berriaren ondorioz, BEZa ordaindu beharko duzu dena delako produktua kontsumitzen den lekuan. Ondorioz, dendari ordaindu diozun hori ez da azken prezioa izango.

Nork kobratuko dizu BEZa dendari ordaintzen ez badiozu?

Garraiolariak, correos-ek edo dena delakoak. Paketea emango dizunak kobratuko dizu BEZa, eta, gainera, komisio bat ere ordainarazi ahal izango dizu, BEZaren ordainketa eta muga-zergak kudeatzeagatik. Hau da, online dendan ikusi duzun prezioa ez da izango benetan ordainduko duzuna. Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin (AEAT) zuzenean kudeaketak egitea ere zilegi da. Hartara, BEZaren ordainketa edo muga-zergak kudeatzearen ziozko komisioak aurreztuko dituzu.

Eta, bestalde, kasu honetan ez dio ardura erosi duzun produktuak BEZ murriztua duen, esaterako liburu baten kasuan; posta-operadoreak % 21eko BEZa kobratuko dizu.

Garraio-agentziak edo atariak zure erosketarekin lotutako zerga-izapide egokiak egin dituen jakin nahi baduzu, kontsultatu AEATren ataria.

Nola jakin dezaket online dendaren prezioan BEZa sartuta dagoen ala ez? Edo, bestela esanda, nola jakin dezaket prezio horrez gain BEZa eta garraiolariaren komisioa ordaindu beharko ote ditudan?

Modu bakarra dago: adi-adi irakurri erosketaren baldintzak dena delako produktua erosten ari zarenean -kontuan hartu hori beti egin beharko litzatekeela-: BEZa prezioan sartuta dagoela adierazten bada, azken prezioa da; aitzitik, kontrakoa adierazten bada edo datu hori ematen ez bada, ondoren ordaindu beharko duzu.

Laburbilduz, online erosten duzunean, irakurri adi baldintzak BEZarekin ezustekorik izan ez dezazun. Zalantzarik baduzu, zoaz hurbileko denda batera, seguru zuk uste baino aukera gehiago daudela.

KIUBek kontsumoaren azken berriei buruzko hainbat informazio-buletin ere argitaratzen ditu. Ondoren dituzu kontsultatzeko azken buletinak eta, nahi izanez gero, izena eman dezakezu posta elektronikoz jasotzeko

Inguraldek, Kontsumobiderekin lankidetzan, prestakuntza-tailer bat eta “azterketa-kasu” bat eskainiko ditu, merkataritza-establezimenduek araudia betetzeari eta kontsumitzaileei arreta egokia emateari buruz.

Ekimena Eudelek -udalak ordezkatuz- eta Kontsumobidek kontsumitzailearen eskubideekiko errespetua eta arreta sustatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da, batez ere lehendik dauden enpresa txikien eta ekimen ekintzaile berrien artean.

SUBIR