Barakaldoko KIUBek arretaz jokatzea gomendatzen du elektrizitatearen fakturazio sistema berriaren aplikazioaren aurrean

Barakaldoko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) elektrizitate hornitzaileen komertzialen bisitei buruzko dei eta kontsulta asko artatzen ari da azken hilabeteetan.

Laster kontsumo elektrikoaren fakturazio berria indarrean sartuko da, eta horrekin batera, Azken Errekurtsorako Tarifa (TUR) desagertuko da eta Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioak  (PVPC) ordezkatuko du.

Erabiltzaileen kontsulten gorakada eta uztailaren 1ean fakturazio sistema berriaren aplikazioa direla eta, KIUBek kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko gomendio batzuk bildu ditu bere webgunean (www.inguralde.com), Kontsumobideren (Kontsumoko Euskal Institutua) gomendioei jarraituz.

KIUBek kontratu edota eskaintzaren kopia jasotzea edo etxera bidaltzeko eskatzea gomendatzen du. Horrela, kontsumitzaileak  lasaitasunez analizatu ahal izango du, eta pentsatu ahal izango du ea bere beharretarako egokia den ala ez, sinatu baino lehen. Publizitate-bisita edo telefonoaren bidezko elkarrizketetan ez dira fakturak, datu pertsonalak edo bankukoak eman behar; soilik aldaketa egingo dela erabaki ondoren.

Barakaldoko KIUBek azpimarratzen du, ekainaren 13tik aurrera, Kontsumitzailearen Babesaren legea indarrean dagoela. Horren helburua da kontsumitzaileen segurtasuna indartzea komertzio elektrikoaren eragiketak egiterakoan.

Berrikuntzei dagokienez, kontratua atzera egiteko legezko epearen luzapena dago. Lehen 7 egun baliodun zituen kontsumitzaileak, eta hemendik aurrera  14 egun izango ditu. Kontsumitzaileak azken prezioa onartu beharko du transakzioa bukatu baino lehen, “ezkutuko kargak” saihesteko. Gainera, telefonoaren bidez kontratuak egiten dituzten bezeroei babes gehiago emango zaie.

SUBIR