Inguraldek “Barakaldo merkataritza eta ostalaritza da, bizitza da” kanpaina abiatu du, herriko kontsumoaren gainean sentsibilizatzeko

Helburua, herritarrek herriko saltokietan eta ostalaritza establezimenduetan kontsumitzea bultzatzea, eta negozio horiek udalerriaren bizitzan duten garrantzia erakustea da.

Kanpaina hori da Barakaldoko Udalak COVID-19ak sektorean sortu duen krisiari aurre egiteko martxan jarri duen neurrietako bat, eta 1.100.000 euro baino gehiago bideratu dira horretara

Barakaldo, 2020ko ekainaren 16a

"Barakaldo merkataritza eta ostalaritza da, bizitza da" Barakaldoko Udalak, osasun-krisiak kaltetutako sektoreei laguntzeko gaurtik aurrera martxan jarriko duen kanpainaren mezu nagusia da. Helburua herritarrak gertuko establezimenduetan bertako kontsumoa berreskuratzera bultzatzea eta negozio horiek udalerriaren bizitzarako duten garrantzia ikusaraztea da.

Ekimenak bat egiten du Inguraldetik osasun-krisian zehar hainbat unetan egin diren kanpainekin, orain dela gutxi egin den "Barakaldon pertsianak gora" kanpainarekin, adibidez, eta Udalak sektorearekin duen konpromiso integralaren parte da. Konpromiso hori gauzatzeko, "Kontsumorako bonuen" bi kanpaina ere jarriko dira abian.

"Barakaldoko merkataritza eta ostalaritza gure udalerriko bizitzaren parte garrantzitsua dira, eta une honetan eskaini diezaiekegun laguntza guztia merezi dute", adierazi du Amaia del Campo alkateak. Zentzu horretan, tokiko establezimenduetan kontsumitzea, pandemia zabaltzea saihesteko egin den konfinamenduko hilabeteetan negozio horiek egin duten ahalegina eskertzeko modu bat dela gogorarazi du.

"Barakaldo merkataritza eta ostalaritza da, bizitza da" goiburuak, beraz, kontsumitzeko orduan bizilagun bakoitzaren erantzukizuna eskatzen du; izan ere, pandemiak iraun duen bitartean irekita egon diren establezimenduek –euren osotasuna arriskuan jarriz– funtsezko zerbitzuak bermatzeko egindako ahalegina balioesten du, eta baita birusaren hedapena gelditu ahal izateko erantzukizun handiz negozioa itxi zutenena ere.

Kanpainaren irudi nagusia Barakaldoko aireko paisaia bat da. Ostalaritzako, merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduei buruzko objektuak agertzen dira bertan, sare sozialetan erabilitako grafismoari erreferentzia zuzena eginez. Izan ere, kanpainak ingurune horretan sakonduko du, #CompraEnBarakaldo eta #BarakaldonDastatu hashtag-ak zabalduz.

Era berean, Barakaldoko merkatarien eta ostalarien elkarteen lankidetza bilatu da, negozio horien buru diren profesionalak izan daitezen kanpainaren protagonistak. Horrela, argazkiak atera eta bideoak egin dira tokiko hainbat establezimendutan; azken batean, Barakaldoko bizilagunentzat oso gertukoa den kanpainaren irudia izango dira.

Laguntza ekonomiko zuzenak

Dinamizaziorako ekimen horiez gain, Udalak aurrera jarraitzen du sektore horiei zuzenean laguntzeko estrategiarekin, zenbait neurriren bitartez, laguntza ekonomikoak, besteak beste. Inguralderen bitartez, dagoeneko 1.100.000 euro baino gehiago bideratu ditu helburu horretara. Aurrera eramango diren neurrien artean, zenbait zerga, OHZ, estolderia edo zaborrak, ordaindu beharra konpentsatzeko laguntza zuzenetarako lerroa sortzea edo terrazen tasa salbuestea daude.

 

SUBIR